Cannesko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zuten eta Donostia Zinemalditik igaro zen Ryûsuke Hamaguchi zinemagile japoniarraren Asako I & II (2018) drama erromantikoa Errenteriako Ozzinema zineklubean izango da ikusgai ostegunean, ekainak 17. Zineklubaren bost urteko ibilbidean eskainiko duten lehen film japoniarra izango da.

Asako gazteak eta Baku bohemioak maitasun harreman idilikoa biziko dute Osakan, baina sei hilabeteren buruan, Baku bat-batean desagertuko da. Kolpea gainditu ezinik, Tokyora bizitzera joango da Asako, eta Ryhoei enpresaria ezagutuko du bertan, fisikoki Bakuren berdin-berdina dena gizonezkoa. Iraganeko maitasun istorioek harreman berrietan duten eraginaren inguruko hausnarketa dotore eta egiazkoa egin du Hamaguchik, denboran zein espazioan atzera eta aurrera egiten duen film ederra.

Filmaren oinarrian, dena den, Tomoka Shibsakiren Netemo Sametemo (2018) eleberria dago, zinemagilearen hitzetan, maiteminaren magiaren eta madarikazioaren deskribapenik onena. Filma Cannesko Sail Ofizialean estreinatu zuten orain hiru urte, eta Donostia Zinemaldiko Perlak sailean izan zen ikusgai urte hartan bertan. Hamaguchiren lanik berriena, Wheel of Fortune and Fantasy, halaber, Berlingo Zinemaldian izan da aurten, eta Urrezko Hartza eskuratu du.

Errenteriako Ozzinema zineklubak, dena den, aste honetan eskainiko du Asako I & II, zineklubaren bost urteetan emango duten japoniar jatorriko lehen filma izango dena. Ostegunean egingo dute emanaldia, hilaren 17an, 19:30ean, eta gonbidapenak aurrez eskuratu ahal izango dira Niessen Kulturgunean bertan. Filmaren aurkezpena, gainera, Donostia Zinemaldiko hautespen batzordeko Amaia Serrulla kideak egingo du.