Gaur, ekainak 14, abiatuko dute Errenterian Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren aurtengo edizioa, eta bihar, asteartea, zein ostegunean, hilak 17, egingo dituzte emanaldiak Niessen Kulturgunean. Errealaren Fundazioak antolatutako zikloak Donostian du egoitza nagusia, eta Errenterian zortzigarrenez egingo dituzten saioetan 27 film labur eta bi dokumental eskainiko dituzte orotara.

CIMASUB Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 45. edizioa otsailean egingo dute Donostian, hilaren 18tik 20ra. Erreala futbol taldearen Itsaspeko Ekintzen sailak antolatzen duen ikus-entzunezko zikloa da, urpeko mundua ezagutzera emateko helburua duena, eta argazki zein dokumental txapelketa egiten dute hiriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Baina Donostiatik at, Gipuzkoako beste hainbat hiritan ere programatzen dute zikloa, eta 2021ean Zarautzen egin dituzten lehen emanaldiak, ekainaren 9tik 11ra. Argazki erakusketa, ostera, hilaren 27ra arte izango da ikusgai.

Bigarren geldialdia Errenterian egingo dute aste honetan, gaur, ekainak 14, hasi eta ostegunera arte. Proiekzioak Niessen Kulturgunean izango dira 19:00etatik 20:30era, eta nazioarteko itsaspeko zinemaren inguruko topaketetan saritutako 27 film labur eta bi dokumental proiektatuko dituzte, doan. Itsas hondoaren edertasuna, itsaspeko ekosistema aberatsak zein haiei lotutako gaiak azaleratzeaz gain, egungo kutsadura larria agerian uztea ere bada ekimenaren jomuga, eta salaketa ekologikoa egiten duten lanak sarituta, herritarren artean kontzientziak astindu nahi dituzte. Filmen bidez, gainera, munduko ozeanoetan barrena bidaiatzeko aukera paregabea izango dute ikus-entzuleek, Bali, Galapago, Komodo eta Kanariar uharteetako zein Hego Afrikako, Espainiako, Alemaniako eta Indonesiako urak, besteak beste, ezagutuz.

Hemen ikus dezakezue filmen programazioa, eta antolatzaileek aditzera eman dutenez, Zumaian, Astigarragan, Bilbon, Eibarren, Irunen zein Deban datak ixteko lanetan dihardute. Zikloaren inguruko xehetasun guztiak jarraian topatuko dituzue.

Horrez gain, eskolei zuzendutako Txikizikloa ere abian da Errenterian. Iragan ostiralean, ekainak 11, egin zuten lehen emanaldia, eta bihar, hilak 15, egingo dute bigarrena. 5. Eta 6. Mailetako ikasleei zuzendutako saioetan klima-aldaketa arintzeko eta itsaso zein ozeanoak babesteko egin ditzaketen ekintza txikiak ezagutuko dituzte gaztetxoek.