Malagako Zinema Jaialdiaren 24. edizioko garaile nagusia Agustí Villarongaren El ventre del mar ekoizpena izan bada ere, sei garaikur erdietsita, film laburren atalean, Marina Palacioren Ya no duerno, Pablo Hernandoren El ruido solar eta Estíbaliz Urresolaren Polvo somos euskal ekoizpenak nabarmendu dituzte.

Asteburuan itxi dute Malagako Zinema Jaialdiaren 24. edizioa, eta Nora Navas buru zuen epaimahaiak aurtengo ekitaldiko lan garaileen berri eman zuen. Festibalaren historian aurreneko aldiz, sei sari jaso ditu proiektu bakar batek, kasu honetan, Agustí Villaronga zuzendari mallorcarraren El ventre del mar proposamen berritzaileak. Film, zuzendaritza, musika (Marcús Jgr.), argazki zuzendaritza (Josep M. Civit eta Blai Tomás), gizonezko aktore (Roger Casamajor) eta gidoi (Alessandro Bariccoren testua egokitu du Villarongak) onenaren garaikurrak bereganatu ditu Moskuko Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatu zuten ekoizpen katalanak. Testamento, La Perifèrica Produccions eta Filminek ekoitzitako proiektua da, eta azken hau arduratuko da banaketaz.

Ainhoa Rodriguezen Destello bravío lanarenaz bezalaxe. Epaimahaiaren sari berezi jaso duen proposamenak, gainera, muntaketa onenaren garaikurra ere eraman du. Aktoreei dagokienez, Júlia de Paz Solvas katalanak zuzendutako Ama (maitatu aditzeri loturik) filmean egindako lanagatik lortu du Tamara Casellas aktore berriak emakumezko aktore onenaren saria; taldeko andrazko aktore onenarena, aldiz, María Romanillosentzat izan da Las consecuencias (Claudia Pinto) proiektuan egindako lanagatik, eta taldeko gizonezko aktore onenarena Alfredo Castrorentzat, Karnawal (Juan Pablo Felix) proiektuagatik.

Euskal ekoizpenak

Gure lurretatik joandako proiektuen zerrenda ere luzea izan da, eta ez dira esku-hutsik itzuli. Marina Palacio gazteak sariak pilatzen jarraitzen du Ya no duermo proiektuari esker, kasu honetan, fikziozko film labur onenaren Zilarrezko Biznaga jaso baitu, eta Pablo Hernandok zuzendaritza onenaren Zilarrezko Biznaga eraman du, El ruido solar lanagatik.

Esti Urresolaren Polvo somos laburrak, bere partetik, ikusleen saria erdietsi du, eta film horretan egindako lanagatik saritu dute Goize Blanco aktorea ere, emakumezko antzezpen onenaren Zilarrezko Biznagarekin, laburren kategorian. Zorionak denei!