Musika eta zinema, Covid19 gaitzak gogorren kolpatutako bi industria, baina batez ere, pandemia honi aurre egiteko kemena eman diguten elkar konektatutako bi kultura-diziplina. Ohiko dataz kanpo, uda-sasoia ate joka dugula ospatu da aurtengo Dock Of The Bay Musika Dokumentalen Jaialdia, baina aste osoan zehar izandako eguraldi zoragarriak ez ditu donostiarrak uxatu. Wiebke Pöpelek zuzendutako Helmut Lachenmann: My way dokumentalak eman zion hasiera ekainaren 7an festibalari, eta antolatzaileak beldur baziren ere, guztiz arrakastatsua izan da 14. edizioa.
Hain zuen ere, Musique Concrète Instrumentale musika-estiloaren aitzindariaren unibertsoan murgildu gaituen lana izendatu dute jaialdiko film luze dokumental onena: “Musikagile erradikal bat ikuslearengana hurbiltzeagatik, musika zehatzaren konposizioaren garrantzi historikoaz jabetuz eta erretratu hurbil eta humanista bat sortuz”. Konpositore eta orkestra-zuzendari alemaniarra barneratuta ditugun soinuen natura birpentsatzen tematu izan da beti, eta horixe da dokumentalak erakutsiko diguna, instrumentu bakoitzaren soinu tradizionala entzuteko modua birplanteatuko digu. Interpreta al daiteke obra bat, adibidez, biolin-jotzaileak hariak laztandu ordez egurrezko giderra kolpatzen badu? Edota, haizezko instrumentuetan putz egin eta berez ezagunak egiten zaizkigun tinbreen ordez putzadak entzutea zilegi al da? Luigi Nono maisuarekin Venezian konposizio ikasketak bukatu eta gero, Lachenmmannek baietz esango digu, eta partitura klasikoez gain, berak propio sortutakoak entzunaraziko dizkigu Pöpel zuzendariak.

Helmut Lachenmann: My way (Wiebke Pöpel, 2020), film luze dokumental onena
Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Johana Ožvold zinemagile txekiarraren The sound is innocent lanari, “elektronikak entzuteko moduak eraldatzen nola lagundu duen hausnartzeagatik eta forma zinematografiko bereziak esploratzeko duen borondateagatik”. Zientzia-fikziozko film futurista baten aurrean gaudela dirudi. Giroa arrotza egingo zaigu, robotikoa agian; pantaila aurrean azalduko zaizkigun aktoreek automatak dirudite. Ikusiko ditugun ekintza guztiak modu mekaniko eta aseptikoan deskribatuko dituen ahots narratzaile bat entzungo dugu. Kamera ez da ia soinu-postprodukzio gela nagusitik aterako, baina nahieran mugituko da bertatik, batera zein bestera, estudioko txoko guztiak miatuz. Telebistak eta monitoreak azalduko zaizkigu horietan ezkutatuta, eta bertan hizketan ageriko dira Ožvoldek elkarrizketatutako musika aditu, soinu-ingeniari edota konpositoreak.
Trueba aretoa lepo bete da egunero, baina film luzeen sailean ikusmin gehien piztu duen obra Poly Styrene: I am a cliché (Celeste Bell eta Paul Sng) izan dela jakitun, ez da harritzekoa izan ikus-entzuleen erantzuna. Film luze onenaren ikusleen saria jaso du musika ingelesaren historian bere izena hizki larriz idatzi duen emakumearen erretratu intimista egingo duen dokumentalak. X-Ray Spex bandako abeslari eta ikurra izan zen Poly Styrene, rock talde baten buru izan zen Erresuma Batuko lehen emakume beltza, eta bere alaba Celeste Bellek lehen pertsonan hurbilduko gaitu amaren figurarengana.

Summer Of Soul …Or, When The Revolution Could Not Be Televised (Ahmir “Questlove” Thompson, 2021)
Hala ere, ezin esan gabe utzi aurtengo Dock Of The Bay jaialdia itxi duen eta Perfect Day sailean erakutsi duten Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) lana izan dela denetan txalotuena. A ze indarra Ahmir “Questlove” Thompson zinemagilearen harribitxi honek transmititzen duena. 2021eko Sundance festibalean epaimahaiaren sari nagusia lortu berritan proiektatu dute Donostian, eta Antzoki Zaharrean bildu ginenok ezin ahaztuko dugu 50 urtez ezkutuan izan diren irudiok, taula gainera igo eta Stevie Wonder, B.B. King, Mahalia Jackson edota Sina Simonekin mirkofoa partekatuz soul, blus eta gospel doinuak abesteko zein dantzatzeko gogoak menderatu gintuen. 1969an New Yorken ospatu zuten Harlemeko Kultur Jaialdia, arrazakeria salatzeko antolatutako eta The Black Panther Party erakundeko kideek babestutako kontzertu-festa. Baina Woodstock musika jaialdia egin zuten urte hartan, eta hark izan zuen oihartzunak itzaletan utzi zuen, ahanzturan, Harlemekoa. Irakurketa asko egin daitezke behin Summer of Soul (…Or, When the Revolution Could Not Be Televised) lana ikusita: iraultza beharra, giza eskubideen aldeko aldarria, baina baita zinemak erregistro historikorako tresna bezala duen balio eta garrantziaz hausnartzeko tartea eskainiko du.
Bestalde, aurten Dock Of The Bay jaialdian aurrenekoz martxan jarri duten film laburren sailari dagokionez, “zarata gure kultur tradizio zaharrarena dela oroitarazteagatik” epaimahaiak erabaki du Eloy Dominguez Serenen Os Corpos ekoizpenari film labur musikal onenaren saria ematea. Ikusleen saria, berriz, Entre el monte y la marisma dokumentalak jaso du.