Urriaren 29tik azaroaren 5era egingo dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea Donostian, eta iragan astelehenean ekitaldiaren kartela aurkeztu ostean, antolatzaileek lanak aurkezteko deialdia zabaldu berri dute. Azken eguna abuztuaren 15a izango da, eta film luzeen zein laburren kategoriak bereizi dituzte.

Zabalik da Donostian udazkenean ospatzen duten zinema jaialdi berezienera lanak helarazteko epea! Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen arduradunak ekitaldia prestatzen hasi dira jada, eta joan zen astean Carlos Areces aktore espainiarra protagonista duen irudia aurkeztu ondoren, jaialdian parte hartuko duten lanak jasotzeko deialdia ireki dute orain.

Film luzeen kategorian, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera errodatutako 30 minutu baino gehiagoko beldurrezko zein fantasiazko lanak bidali daitezke, eta izen-ematea MoviBeta plataformaren bidez egin behar da uztailaren 10etik abuztuaren 15era. Film laburrei dagokienez, ostera, 2020ko urtarrilaren 1aren ondoren osatutako 30 minutuz azpiko lanak onartuko dituzte, baina kasu honetan, izen-ematea Short Film Depot plataformaren bidez egin behar da, abuztuaren 15a baino lehen, baita ere.

Film luzeen artean ikusleen saria banatuko dute, balio ekonomikorik gabeko garaikurra, eta laburren kategorian zazpi sari, tartean, epaimahaiaren film labur onenaren 1.000 euroko saria, nazioarteko epaimahaiaren 1.000 euroko saria, Europako film labur onenaren saria, Espainiako film labur onenaren 1.000 euroko saria, animaziozko film labur onenaren 1.000 euroko saria zein epaimahai gaztearen saria.

Fantasiari eta beldurrari lotutako generoak jarraitzaile leialak erakartzen ditu urtero Gipuzkoako hiriburura, eta pandemiak behartuta ezarritako murrizketen gainetik, jaialdia normaltasunez garatzen ahaleginduko dira beste urte batez. Jaialdiaren inguruko xehetasunak zein deialdiaren baldintzak, festibalaren webgunean kontsultagai.