Zinema (h)abian ekimenaren baitan, 2020-2021 ikasturtean osatutako Lan-artean ikus-entzunezkoa zein iazko Oroitzapen argiak lana bistaratzeko emanaldia egingo dute ekainaren 18an, ostirala, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Oriarte Insitutuko DBH4ko ikasleek hartu dute parte Euskal Herrira 2017an heldu zen ekimenean, zinemaren balioak hezkuntzaren alorrean dituen ezarpenak agerian uzteko asmoz.

Ikus-entzunezkoen arteak eskaintzen dituen aukera hezitzaileen aldarrikapena da Zinema (h)abian programa, Cinema en Curs izenarekin 2005ean A Bao A Qu kultura elkarteak sortutako ekimena. Katalunian, Galizian, Madrilen, baina baita Berlinen, Brandenburgon zein Txilen ere, gauzatu dute azken hamarkadetan, eta Euskal Herrira 2017an heldu zen, Tabakaleraren eta Elias Querejeta Zine Eskolaren eskutik.

Lasarte-Oriako Oriarte Institutua izan zen programa ezartzen lehena, eta ordutik, Lehen Hezkuntzako zein DBH4 mailako ikasleek zinemagintza ikasteko klaseak jasotzen dituzte eskola-orduetan. Mikel Gurrea zinemagilea arduratu da hasieratik gidari lana egiteaz, eta gazteek zinemagintza arte gisa deskubritzeko eta ulertzeko parada dute bere saioetan. Zinema ikusten dute eta ariketa praktiko ezberdinak egiten dituzte, eta pixkanaka, norbere bizipenak, ikuspuntuak… azaltzeko bitartekaritza-tresna eraginkorra dela frogatzen dute, gelakideen arteko harremanak lantzen eta elkarlana sustatzen duten bitartean.

Bada, 2019-2020 ikasturtean prestatutako Oroitzapen argiak lana ezin izan zuten jendaurrean proiektatu pandemiagatik, eta ondorioz, ekainaren 18an Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo duten saioan, aurtengo Lan-artean proiektuarekin batera izango da ikusgai. 18:30ean egingo dute emanaldia, eta gonbidapena aurrez eskuratu beharko da.

0