My friend Fela-Zinea

Musika eta aldarrikapenak. Amodiozko istorio luze bat, atenporala, unibertsala. Poly Styrene rock talde baten buru izan zen Erresuma Batuko lehen emakume beltza arrazakeriaren kontra nola altxatu zen ezagutu ostean, pertsona, kolektibo edota komunitateen zilegitasuna bermatzeko zein errespetatzeko borroka latza azpimarratuko duen film zoragarri batek eman dio jarraikortasuna Dock Of The Bay zinema jaialdiari: nazioarteko musika dokumental onenen erakusleiho den Perfect Day sailean My friend Fela, Joel Zito Araujo zinemagile brasildarraren azken lana erakutsi dute.

Nigerian jaiotako Fela Kuti abeslari eta giza eskubideen aldeko aktibista sutsuaren figura du ekoizpenak aztergai. Malcom X, Nina Simone, Martin Luther King edota Patrice Lumumbaren pare jarriz, bere ibilbide profesionala “egiak” aurpegiratzeko nola baliatu zuen kontatuko digu dokumentalak, eta Estatuaren etsai nagusi bilakatu eta agintariek bidalitako armadaren eskutik jasandako jipoiak, kartzelatzeak eta trabak ezagutuko ditugu. Herrikideen baina baita kontinente oso baten ahotsa nola bilakatu zen. Idoloa eta Jainkoa. Baina Zito Araujoren dokumentala ez da bere irudia zuritzeaz arduratuko, profetak predikatzen zituen “egiak” zalantzan jartzeaz baizik, idolo kontzeptu hori deseraikitzeaz, bere bizitza pribatuko kontraesanak biluzteaz. Horretarako, Felaren semea, maitaleak, 1997an HIESAren ondorioz hil aurretik aldamenean izan zituen bidelagunak elkarrizketatuko ditu musikariaren biografoa ere baden Carloos Moore kazetari kubatarrak.

Identitate kontzeptuaz sakon hausnartuko du dokumentalak, batez ere marjinatuak, baztertuak eta gutxietsiak izan diren giza-taldeen ahalduntzeaz. Denying Brazil (2000), Daughter of the Wind (2004), Cinderellas, Wolves, and One enchanted Prince (2008) edota Raça (2013) lan aipagarri eta sarituek egin bezala, indarra transmitituko du Zito Araujoren My friend Felak. Protagonistaren abesti kritikoek bezala, afrikarrek bizi zuten (eta duten) jazarpen instituzionala argi eta garbi salatzeko pentsatuta dago. Izan ere, zinemagileak ez gaitu kasualitatez Felak idatzitako letra zuzenekin, metafora eta inolako adornu literariorik gabekoekin bonbardatuko.

Sempre Dijous-Zinea

Sustraiak aldarrikatzeaz ere hitz egingo digu Joan Porcel espainiarraren Sempre Dijous filmak. Júlia Colom abeslari gazteak Balear Uharteetako doinu tradizionalak eta trap erritmo garaikideak uztartzeko hartutako konpromisoak gidatuko du filma. Bere barne eztabaidak, sortzaile izaera, adiskide eta senitartekoen babesa jasoko duela ikusiko dugu. Esateko asko duen sortzaile hasiberri baten etorkizuna sendotzen laguntzeko tresna bihurtuko da dokumentala, eta zilegitasuna emango dio horrek.

Sortze prozesuaz baino, arrakasta edo porrota guztiz ezagutzen ez duen musikari bat erretratatuko digu zinemagileak, zintzotasunetik, esperimentatzeko eta bide berriak ezagutzeko gogo eta ilusiotik. Dokumentalean parte hartzeak, protagonista izateak, Júlia Colomi bere beldurrei aurre egiten, barrenetan bueltaka dituen ideiak ahoz goran jaurtitzen, lagunduko dio, baina aldi berean, Samantha Hudson: Una historia de fe, sexo y electro-queer (2018) lanarekin hasitako ibilbide profesional arrakastatsua egonkortuko du Porcelek berak ere Donostiako Dock Of The Bay jaialdiko film luzeen sail ofizialean aurkeztutako Sempre Dijous filmari esker.

+5