(H)emen Elkarteak AUKERA izeneko deialdia jarri zuen abian iragan martxoan andrazko sortzaile gazteei film labur bat ekoizteko babesa eskaintzeko asmoz. Bada, ekimenaren arduradunek aditzera eman dituzte lehen ekitaldian hautatuko bost proiektuak, eta datozen hiletan gidoigintza, zuzendaritza eta ekoizpen ikastaroak eskainiko dizkiete.

(H)emen elkarteak, Zineuskadi Elkartearen, Zinebi Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinema Jaialdiaren eta Kutxa Kulturaren laguntzarekin, deitutako AUKERA programaren lehen ediziora aurkeztutako proiektuen artean bost hautatu ditu epaimahaiak deialdian aurrera egiteko. 18 eta 35 urte arteko 66 emakumek eman dute izena orotara, bi eta bost lagun arteko lantaldeetan, eta 26 proposamen aurkeztu dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz, eta orotariko genero eta formatuetakoak.

Deialdiaren antolatzaileak pozik azaldu dira jasotako erantzunarekin, programaren helburuak, besteak beste, euskal emakumeei beren ibilbide profesionala EAEn hasi eta garatzeko aukera ematea, euskal zinemaren sektorean andrazkoek sortutako lanen ekoizpena bermatzea, emakumezko profesionalen kopurua handitzea, eta 2024rako EAEko film laburren jaialdietara eta haiek ekoizteko laguntza deialdietara aurkezten diren proiektuen % 50 andrazkoek sortutakoak izatea baitira.

Ondorengoak dira epaimahaiak nabarmendutako egitasmoak: Ane Ines Landeta eta Lorea Lyonsen Azkena, Tamara Lucarini eta Ana Anguloren Prioridades, Olaia Nogales eta Llucia Plaren Cuidado, Enara Garcia eta Ainhoa Olasoren Hemen bizi da maitasuna, eta Nerea Sciarra eta Allende Grandmontagneren Pomo D’oro.

Datozen asteetan, Lara Izagirre eta Ana Hormaetxeak; Maider Oleaga, Esti Urresola eta Olatz Beobidek; zein Izaskun Arandia eta Nahikari Ipiñak osatutako mentore-taldeek lanak garatzeko aholkularitza saioak eskainiko dizkiete, hala nola, gidoigintza, zuzendaritza, produkzio eta genero ikuspegiari buruzko saioak, eta lanketa amaitutakoan, Bilboko Zinebi jaialdiaren itxiera galan, bi proiektu irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko dute. Haietako bakoitzak 3.000 euroko saria jasoko du laburraren ekoizpena aurrera ateratzeko.

Informazio osagarria AUKERA deialdiaren atarian topatuko duzue.

0