Asteartean, ekainak 8, abiatu zuten BilbaoArten Truffaut gehiago, mesedez! zikloa, eta uztailaren 1era arte, zinemagile frantziarraren lau film proiektatuko dituzte, saio bikoitzean. 60ko eta 70eko hamarkadetan aurkeztutako izenburuek Nouvelle Vague korrontearen iruditeria eskainiko dute.

Iazko irailetik abendura, François Truffaut zinemagile frantziarrari eskainitako zinema zikloa prestatu zuen BilbaoArteko Art House Zinemak, eta Truffauten 88 urteak izenburupean, sortzaile laudatuaren dozena bat lan bistaratu zituzten. Aurrena kritikari eta gero zinema zuzendari izandakoa omentzeko saioak osatzeko, dena den, orduan eskaini ez zituzten beste lau lan bistaratzeko erabakia hartu dute orain, eta ekainean zehar egingo dituzte emanaldiak, film bakoitza bi alditan programatuz.

Ondorengoa izango da egitaraua:

  • Ekainaren 8an eta 10an, 19:00etan: L’argent de poche (1976), eskola frantses txiki bateko haurren udako bizipenak jasotzen dituen lana.
  • Ekainaren 15ean eta 17an, 19:00etan: L’enfant sauvage (1969), XVIII. mendearen amaieran basoan isolatuta hazi zen haurraren hezkuntza prozesua kontatzen duena.
  • Ekainaren 22an eta 24an, 19:00etan: La Mariee était en Noir (1967), bere senarraren erailketa mendekatzea erabakiko duen Julie Kohlerren inguruko lana.
  • Ekainaren 29an eta uztailaren 1ean, 19:00etan: L’histoire d’Adèle H. (1975), Victor Hugo idazle frantziarraren alaba Adèle Hugoren maitasun istorioa kontatuko duen proposamena.

Sarrerako doan eskuratu ahal izango dira emanaldien egunean bertan, 9:00etatik aurrera, leihatilan bertan, ala 94 415 50 97 telefonora hots eginda. Informazio osagarria BilbaoArteren atarian dago eskuragai.

+1