Land (En un lugar salvaje)

Sundanceko zinema jaialdian ikusi du argia urte hasieran ordura arteko bizimodua alboratu eta AEBtako Mendi Harritsuetara bizitzera joango den Edee protagonista duen dramak. Robin Wrightek gorpuztu du naturarekin konektatuta bizitzen ikasi beharko duen emakumearen papera, negu gorriari zein heriotzari aurre eginez, eta horrez gain, Jesse Chatham eta Erin Dignamen gidoia duen ikus-entzunezkoa zuzentzeaz ere arduratu da sortzailea. Nazioarteko kritika, oro har, babesa erakutsi dio proiektuari.

.

Historias lamentables

Iragan Goya sarietan hiru hautagaitza eskuratu zituen Javier Fresserren proposamen berrienak, eta Malagako zinema jaialdian, Sail Ofizialean baina lehiatik kanpo, eskaini berri dute. Albokoaren zorigaitzak zeinen dibertigarria den erakutsiko diguten lau historia erakutsiko ditu filmak, Chani Martín, Laura Gómez-Lacueva, Alberto Castillo Ferrer, Pol López eta Matías Janick, tartean, aktoreak protagonista dituen komedia beltz koralak.

.

La casa del caracol

Macarena Astorgak Malagan estreinatu berri duen thriller psikologikoak Antonio Prieto (Javier Rey) idazlearen sorkuntza prozesu misteriotsua du hizpide. Malagako herri txiki batera joango da nobela berria idazteko lasaitasun eta inspirazio bila, baina Berta eta hainbat auzotar ezagutuko ditu, eta sekretu ilunak zein elezahar aztoragarri bat gordetzen dituztela jakingo du. Reyrekin batera, Paz Vega, Carlos Alcántara, Norma Martínez eta Luna Fulgencio aktoreek, besteak beste, gorpuztu dituzte pertsonaia nagusiak.

.

Solo una vez

Guillermo Ríos Bordón zinemagilearen opera primak emakumeen aurkako indarkeria du aztergai Ariadna Gil, Alex García eta Silvia Alonso aktoreen eskutik. Indarkeria jasan duten andrazkoak artatzen dituen Laura psikologoaren egunerokoa jarraituko du, baita Evaren eta Pabloren kasua ere, zentroan aurrenekoz azalduko den bikotea.

.

Viulisti (La violinista)

Karin Nordström biolin jole ospetsuaren ibilbide arrakastatsua auto istripu baten ondorioz zapuztuko da, eskuetako sentikortasuna galduko baitu, eta musikari gazteei eskolak ematen hasiko da orduan. Anbizio handiko Anttirekin egingo du topo, Nordström baino bi hamarkada gazteagoa den musikari jaioa, eta haien arteko harremanak irakasle-ikasle paperak gaindituko ditu. Finlandiatik helduko zaigun ekoizpena Paavo Westerberg aktore eta gidoilariak zuzendu du.

.

Mulholland Drive

David Lynchen filmografiako zortzi film esanguratsuenak berrestreinatuko ditu Avalonek datozen asteetan, tartean, Mulholland Drive (2001) kultuzko lana. Naomi Watts eta Laura Harring protagonista dituen drama psikologikoak Los Angeles hiriko Mulholland Drive etorbidean jazotako misterioak ditu hizpide, aktore izan nahi duen Betty ameslariaren eta amnesiagatik bere iragana oroitzen ez duen Ritaren istorioen bidez. Lynchen sorkuntza pantaila handian ikusteko aukera eskainiko dute horrela, Wong Kar-wairekin berriki egin bezala.

.

Human Life

Gustavo Brinholi eta Luiz H. Marques brasildarrek margolari tetraplegikoaren, utzitako haurrentzako egoitza bat sortu zuen gizonaren, istripu batean eskuak galdu zituen surflariaren, haurdun dauden emakumeentzako babes etxean boluntario aritzen den kirolari olinpikoaren, Down sindromea duen neskatila baten amaren zein Holokaustotik bizirik irten zen andrazkoaren historiak bildu dituzte, besteak beste, Italiarekin elkarlanean ekoitzitako Human Life dokumentalean.

.

Bon Jovi From Encore Nights

Bon Jovi talde mitikoaren kontzertu-bilduma eskaintzen duen Encore Nights ekoiztetxearen dokumentala aretoetan estreinatuko dute. Jon Bon Jovi, David Bryan, Tico Torres, Phil X eta Hugh McDonald taldekiden parte-hartzea du filmak.