Musika dokumentalen jaialdia izanik, ikus-entzule orok espero duena zera da, zinema aretora sartu eta konpositore, abeslari, musika talde edo estilo bati buruzko lan bat ikustea. Baina Dock Of The Bay sorpresak eman zalea da, ziur 14. edizioko hirugarren eguneko lehen emanaldira gerturatu diren donostiarrek jakingo dute zertaz ari naizen.
Izenburuak berak iradoki bezala, festibal tematiko honen hizpideetatik kanpo kokatuko da Off the Road (Fuera del camino) dokumentala. Are gehiago, kirol dokumentalak lehiak jartzen dituen ekitaldiren batean ziurtatuta izango luke presentzia. Dena ez da zuri edo beltz, ordea. Etiketa eta kategorizazioak hausteak badu bere xarma. ‘Baja 1000 lasterketa’, munduko lur orotako autoen urteko lasterketarik handiena, urtero-urtero Mexiko eta Estatu Batuen arteko muga gurutzatzen duena izango du José Permar zinegile mexikarraren opera primak abiapuntu, baina hitzordua aitzakia baino ez da izango.
Paisaia lehorra, arimarik gabekoa, hila; eskolarik ere ez dute jada oraindik bertan bizitzeak merezi duela uste duten Behe Kalifornia Hegoaldeko eskualdeko biztanleek. Eskuko atzamarrekin konta ditzakegu. Gutxi dira, herriminak erotuta jaioterria uzteko prest ez daudenak. Noizbait paraje horiek izan zuten bizitasunaren errautsak daramatza haizeak batetik bestera, oroitzapenak dira. Testuinguru horretan itota, eskualdeko kide direnek ‘Baja 1000 lasterketa’ dute salbazioa, eta eguna iritsi bitarteko prestakuntzetan nola murgiltzen diren ezagutuko dugu. Kemena eta inplikazioa.
Baina zein da musikak Off the Road (Fuera del camino) dokumentalean duen tokia? Bada, deskribatutako ildo errealista eta gordin horri puntu epikoa jartzeko erabiliko du Permarrek. Ez naiz soinu bandaren erabilera intentzionalaz ari, ez. Behe Kalifornia Hegoaldeko lurralde horietan bizi diren hiru gizonen ekinaz baizik. Gitarra eta haizezko instrumentuei eraginez, bertako biztanleen abenturak, gertaerak eta nondik norakoak kantatuz azalduko zaizkigu, Ardi Aroko trobalariak bezala. Hala, dokumentalak mito itxura hartuko du, heroi ahaztuen balentriak goratuz, baina horien etorkizuna, zoritxarrez, zoriaren esku dagoela azpimarratuz.
Film luzeen sail ofizialean lehiatu da ere Poly Styrene: I am a cliché filma, musika ingelesaren historian bere izena hizki larriz idatzi duen emakumearen erretratu intimista dena. Trueba aretoa bete duen emanaldia izan da, eta ez da harritzakoa piztutako ikusmina, protagonista rock talde baten buru izan zen Erresuma Batuko lehen emakume beltza baita. Kontsumo gizarte bortitzean bizi zela salatzeko bere izen artistikoa “plastikozko material arrunt ba”t izango zela erabaki zuen berbera.
X-Ray Spex bandako abeslari eta ikurra izan zenak 70eko hamarkada bukaeran hasi zuen musika ibilbidea, jasotako eraso arrazistak, osasun arazoak eta berriz Marianne Joan Elliott-Said izateko nahiak eragindako barne borroka deskubrituko dizkigute Celeste Bell eta Paul Sng zinemagile ingelesek. Elkarlanean zuzendutako lana bada ere, Bell soilik ikusiko dugu pantaila aurrean, izan ere, abeslariaren alaba da, eta lehen pertsonan aurkeztu nahiko digu bere amaren figura.
Ama-alabaren arteko harremanaren trataera bisuala guztiz mistikoa da, eta gehiegi hurbiltzen da Terrence Malick zinegile estatubatuarraren estetika sutsu eta onirikora. Hasierako minutuetan karga emozional guztia askatuko dute zuzendariek, baina berehala galduko du indarra. Gaur egun arte ezkutuan mantendu diren Poly Styreneren irudiak eta artxibo historikoa zein berak idatzitako poema eta egunerokoen pasarteak ezagutuk ditugu gero.