Teknologia berriek zineman duten eraginaren eta bertatik atera litezkeen onuren inguruan hausnartzeko topaketa antolatu dute Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren ikus-entzunezko laborategi 2deok eta Donostia Zinemaldiak. Zinemagile, teknologo eta profesionalei zuzendutako saioak ekainaren 16an eta 17an egingo dituzte doan, online.

Gero eta gehiago dira teknologien eta zinemaren alorretako enpresen arteko loturak, ikus-entzunezkoen premiak asetzeko asmoz, teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideetara jotzen baitute sortzaileek. Bloke-katea, adimen artifiziala, gauzen Internet, errealitate birtuala eta beste hainbat kontzeptu ez zaizkigu arrotzak egiten jada, eragin nabarmena baitute egungo kontakizunetan, datuen erabileran, negozio-eredu berrien garapenean zein zinema sustatu eta zabaltzeko baliabideetan.

Eraldaketa digitala ikus-entzunezko sektorean hartzen ari den garrantzia kontuan hartuta, teknologia berriek zineman duten eraginaz zein onura posibleez hausnartzeko topaketa atondu dute Tabakalerako 2deo laborategiak eta Donostia Zinemaldiak. Ekainaren 16an eta 17an, asteazkena eta osteguna, egingo dituzte doako saioak online, 16:00etatik 19:00etara. Zinemagile, teknologoko eta gaiarekin lotura duten orotariko profesionalei zuzendutako tailerrak izango dira, eta ondorengo programa izango du topaketak:

Ekainak 16

  • 16:00etan Ongi-etorria
  • 16:15ean Zibersegurtasuna ikus-entzunezko arloan – Nola lagun diezaguke teknologiak edukiak modu seguruan landu eta kontsumitzen mintzaldia, Maria Penilla (Ziur) eta Iñaki Regidor (EiTB) adituekin.
  • 17:00etan Admin artifiziala: osagai sekretua mintzaldia, Sami Arpa (Largo AI) eta Xabi Uribe-Etxebarria (Sherpa AI) adituekin.
  • 17:45ean Atsedenaldia
  • 18:00etan Artea eta zientzia 3D inprimaketa eta aurpegi-animazio prozesuaren atzean mintzaldia, Brian McLean (LAIKA) eta Benoit Dubuc (LAIKA) adituekin.

Ekainak 17

  • 16:00etan Blockchain-a: gardentasuna lortzeko aliatuak mintzaldia, Irina Albita (Filmchain) eta Oscar Lage (Tecnalia) adituekin.
  • 16:45ean Dronak, nola eramaten duen teknologia berritzaileak narrazioa altuera berrietara mintzaldia, Antton Peña (Flock) eta Tom Wandsworth (Bad Wolf Horizon) adituekin.
  • 17:30ean Atsedenaldia
  • 17:45ean VR Zineman: ikus-entzunezko formatu berriak aztertzen mintzaldia, Martin Allais (Battlescar Film) eta Mikel Zorrilla (Vicomtech) adituekin.
  • 18:30ean Zinemaren etorkizuna mahai-ingurua, Pedro Escalona (Trigital), Pepe Abellán (Picnic), Jordi Bares (Rohtau) eta Sergio Santos (Do Producciones) adituekin.

Jardunaldien inguruko informazio osagarria eta izen-ematea, Tabakaleraren atarian.

0