Aurten bigarrenez, Nafarroako Filmotekak Press Play! kultur zikloaren programazio zinematografikoa eskainiko du ekaineko asteazkenetan. Memoria musikalean oinarritutako egitaraua izango da, eta gaur, hilak 9, Peter Guyer eta Thomas Burkhalter suitzarren Contradict (2020) dokumentala bistaratuko dute, 19:30ean hasita.

Martín Perino piano jotzaile birtuoso eta konposatzaile gaztearen inguruko Solo lanarekin abiatu zuten joan zen astean, ekainak 2, Press Play! zikloari lotutako Nafarroako Filmotekako emanaldi sorta. Memoria pertsonal eta kolektibotik abiatutako aldarrikapenekin lotuta atondu dute aurtengo egitaraua, eta filmetan landutako gaiak aztertzeko eta ikusleen artean hausnarketa eragiteko, gaian adituak diren lagunak gonbidatu dituzte filmaren aurkezpena eta ondorengo eztabaida gidatzera.

Gaur, ekainak 9, Cortadict lanaren txanda izango da. Maguette Dieng MBODJ musika hautatzaile eta ekoizlea gonbidatu dute saiora, Ghanako zazpi musikariren bidez, egungo ikuspegi global berriak eta balio aldaketek sortutako errealitatearen inguruan hausnartu nahi duten Peter Guyer eta Thomas Burkhalterren ikus-entzunezkoa aztertzeko.

Datorren asteazkenean, hilak 16, ostera, Gurumbé. Canciones de tu memoria negra bistaratuko dute. Espainiaren, Mexikoren, Portugalen eta Senegalen artean ekoitzitako lana zuzendu du Miguel Angel Rosalesek, eta zinemagileak berak hartu du parte Iruñeko emanaldian. Lanak Flamenkoaren eta Espainiara esklabo gisa etorritako afrikarrek arte horri egindako ekarpenaren inguruan jardungo du.

Ekainaren 23an, azkenik, Britainia Handitik heldutako P.J. Harvey: A Dog Called Money dokumentalarekin itxiko dute zikloa. Seamus Murphy argazkilari sarituak P.J. Harveyren The Hope Six Demolition Project (2016) lanaren sortze-prozesua ikertu nahi izan du, eta harekin bidaiatu du Afganistan, Kosovo zein Washington DCra. Dokumentalaren sortze prozesua bezain irudimentsua den ekoizpena aurkezteko Sarah Ardit kronista eta musika hautatzailea gonbidatu dute emanaldira.

Press Play! zikloaren egitarauaren inguruko informazio osagarria zein sarrerak Nafarroako Filmotekaren atarian dituzue eskuragai.

0