Zuzendaria: María Pérez Sanz

Urtea: 2020

Herrialdea: Espainia

Zailak dira ahazten Meryl Streep eta Robert Redforden hegaldiak Kenyako  paisaien gainetik, Out of Africa (1985) arrakastatsuan, Karen Blixenek idatzitako liburu homonimoan oinarritua. Aste honetan, aretoetara estreinatu izan den Karen (2020) filmean, Blixenen pertsonaia berreskuratu izan du María Pérez Sanz zuzendariak, Afrika Extremadurako larreekin ordezkatuz, 16mmko pelikulan grabatutako idazle danimarkarraren erretratu berezia sortu duelarik.

Karenen azalean, danimarkar leinuko beste emakume abenturazalea topatzen dugu: Christina Rosenvinge abeslaria, zeinak, rol protagonista antzezteaz gain, filmaren soinu banda ere konposatu duen, irudien samurtasunarekin ezin hobe ezkontzen diren bi kanta, hain zuzen ere.  Rosenvingeren dotoretasun naturalak ondo hezurmamitzen du Blixenen espiritu misteriotsu eta, aldi berean, kitzikagarria. Haren ondoan, baketsu eta isil, topatzen dugu Alito Rodgers Jr., Farrah morroi somaliarraren azalean. Filmak bi pertsonaien arteko harreman estuan sakontzen du, Karenek Kenyan agintzen zuen kafe landaketaren porrotaren osteko garaian.

Kolonoaren bizitza zirraragarriari erreferentzia egitetik urrun, Pérez Sanzen filma Karenek Afrikan emandako azken uneez mintzo da, haren egunerokotasunaren begirada intimoa eskainiz. Hala, irudien edertasunak eta gidoiaren sinpletasunak xedatuta, Afrikako memoriak pasarte distiratsu bakanetan islatzen dira, ia modu anekdotikoan horiek aurkeztuz. Out of Africa bezalakoaren handinahi eta handitasunetik urrun, Karen-ek paisaiak ahaztu eta gizabanakoetan zentratzen diren konposizio lirikoak eskaintzen dizkigu; birrintzen ari den bizitza, mamuena dirudien egunerokotasuna.

Filmak aurkezten dituen elkarrizketa eta gaiak Karenen idazki eta gutunetan oinarritutakoak izanik, ugariak dira Rosenvingeren ezpainetatik entzuten ditugun hausnarketa sakonak. Patuan sinestearen eta denboraren igarotze saihetsezinaren arteko talka antzeman daiteke Farrah eta Karenen ibilaldi luzeetan; tentsio horixe gordetzen dute etxeko txoko eta argi dardartiek, Karenek Afrika utzi eta urte askotara bere urterik zoriontsuenen oroitzapena gordeko zuen etxalde kolonialak. Azkeneko horri lotuta, zinez gogoko izan dut, amaiera aldera, fikzioa arrakalatu eta begirada dokumentala txertatzeko modua.

Filma proposamen interesgarri eta ederra izateagatik, hain zuzen ere,  faltan bota izan dut nik kolonialismoaren inguruko gogoeta kritikoa; Karen emakume burutsu eta onbera izan zela azpimarratzetik haratago ailegatu beharko zitekeena. Era berean, elkarrizketen hainbesteko joera barnerakoia gogaikarria gerta daiteke, sakontasun hutsalaren itxura soilik lortuz. Filmak darabiltzan erritmo eta doinua motelak badira ere, erraza da horien patxadaz gozatzea; izan ere, filmak ordubete baino ez du irauten.

Karen eskala txikiko bidaia magikoa dugu, pastel- eta lur-koloredun zentzumenentzako oparia. Zoritxarrez, ekoizpen txikia izanik, aretoetan izan duen presentzia ez da oso handia izan eta, oraingoz, Hego Euskal Herrian Bilbon baino ez dago ikusgai.

+1