Ezohiko datetan ospatzen ari den 14. ekitaldi honek bere betiko esentzia mantentzeko asmoa du: esperientzia kolektiboan oinarrituz komunitatea sortzea; ikustaldi soiletatik aldenduz, musikari buruzko hausnarketak plazaratzea. Film luzeen sail ofizialean lehiatzen ari diren bi saioek osatu dute Dock Of The Bay jaialdiko bigarren jardunaldia, eta aurretik oraindik egun dezente baditugu ere, hasi gara lehen enkontruez disfrutatzen.

Dima Punk-Zinea

Dominique Caubet soziolinguista eta Parisko INALCO unibertsitateko irakasle emerituaren bisita izan genuen atzo. Kultura-mugimenduak ikertzen, eta batez ere, underground musikaren eszena ulertzen lan egin du urte luzez, eta hain zuzen ere, bere jardunaren lagin bat aurkeztera gerturatu da Donostiara. Dima Punk filmean Caubetek 2010az geroztik hartutako irudiak bilduko ditu, Mostafa Solhi marokoarra jarraituz, Casablancan zehar. Dokumentala bi milioi pertsonek ikusi dute dagoeneko Marokon, bertako telebistan igorri baitute. Hori bai, agintarien zentzura saihestu nahian, zuzendariak berak propio aurreikusitako mozketekin (Trueba aretoan proiektatu zuten bertsio berbera).

Punk zalea da Solhi, baina musika estilo hori, ezer bada, bizitzeko modu bat dela gogorarazi nahiko digu protagonistak. Herrialdeak bizi duen egoera sozioekonomikoaz jabetuko gara, musika (eta drogak) etorkizunik gabeko herritarren ihesbidea dela, konforme ez dauden gizarte eredu horri aurre egiteko tresna. Gazteria marokoarraren erretratu zorrotza egingo du zuzendariak Solhi gidari hartuz, eta dokumentala bi zatitan banatuko du, inflexio-puntua protagonistaren kartzelaratzea izanik. Aurrenekoan, festa-gogoa, parranda, eta buru gainean duen kresta zutik mantentzeko ardura baino ez dizkigu erakutsiko; bigarrenean, heldutasunak beregain ekarri beharko lukeen kontzientziaren piztualdia, pixkanaka-pixkanaka itzaltzen ari den kontrakultura horren barealdia. Hala, airean utziko du Caubetek bere lehen film luze honi hizpidea emango dion abiapuntuko galdera: izan al zaitezke betirako punk?

The Sound is innocent-Zinea

Ikusi dugunez, eskutik helduta doaz musika eta aldarrikapen sozialak, baina baita teknologia eta berrikuntza ere. Musika hizkuntzaren iraultzaz jardun zuten Dock Of The Bay jaialdiko aurreneko emanaldiek, eta horien ildo beretik doa -batez ere, Sisters with transistors (Lisa Rovner) filmarekin egin daiteke zuzeneko lotura-, hain zuzen ere, diziplina anitzetan zaildua den Johana Ožvold artista txekiarraren estreinako ekoizpen luzea: The Sound Is Innocent.

Zientzia-fikziozko film futurista baten aurrean gaudela dirudi. Giroa arrotza egingo zaigu, robotikoa agian; pantaila aurrean azalduko zaizkigun aktoreek automatak dirudite. Ikusiko ditugun ekintza guztiak modu mekaniko eta neutralean deskribatuko dituen ahots narratzaile bat entzungo dugu. Kamera ez da ia soinu-postprodukzio gela nagusitik aterako, baina nahieran mugituko da bertatik, batera zein bestera, estudioko txoko guztiak miatuz. Telebistak eta monitoreak azalduko zaizkigu horietan ezkutatuta, eta bertan hizketan ageriko dira Ožvoldek elkarrizketatutako musika aditu, soinu-ingeniari edota konpositoreak.

Erakargarria da oso zinemagile txekiarrak musika elektronikoaren historia disekzionatzeko bere filmari esleitu dion estetika. Abstrakzioa da nagusi, baina abstrakzio horrek konplikatu egingo du ikus-entzuleek narrazioaren jarraipena modu egokian egitea. Batez ere (eta teknologiaz ari garela gainera) akats tekniko baten ondorioz filmeko lehen minutuak azpititulurik gabe proiektatu izanak eragindako nekea gehitu beharko bagenio.

+7