Fritz Lang zuzendari alemaniarrak 1924an aurkeztutako Die Nibelungen (Los nibelungos) proiektu klasikoaren lehen zatiaren, Siegfrieds Tod, zaharberritutako bertsioa eskainiko dute ekainaren 19an, larunbata, Arriagako Antzokian, filmaren estreinaldiaren ehungarren urteurrena betetzeko hiru urte soilik falta diren honetan. Bilbao Orkestra Sinfonikoa arduratuko da zuzeneko soinu bandaz.

Zinemagintza alemaniarraren mugarri nagusietako bat da Langek XX. mende hasieran aurkeztutako Die Nibelungen bi filmeko proiektu ikusgarria. Proposamenaren oinarrian laino artean bizi diren nibelungo izakiei buruzko XIII. mendeko kondaira germaniarra dago, eta Siegfrieds Tod lehen atalean Sigfrido printzearen istorioa kontatzen da. Ezpata eder bat landu ostean, aitaren gaztelura itzuliko da Sigfrido, baina Krimilda printzesaren historiaren berri izango du orduan, eta haren bila abiatuko da, dragoia garaitzeko asmoz.

Filmeko dekoratua, hala nola, zuhaitz erraldoiak, altxorrez betetako kobak eta dragoia bera, eskala errealean eraiki zituzten, eta efektu berezien arduradunek formatu eta truko optiko berriak probatu behar izan zituzten, estudioa txiki geratu baitzitzaien errodajerako.

Gottfried Huppertz konposatzailea arduratu zen soinu bandaz, eta Alemaniako Cinematex-en kontserbatutako partiturei esker, zaharberritutako filma Arriaga Antzokiko pantaila erraldoian ikusteko aukera izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzeneko emanaldiarekin. Saioa ekainaren 19an, larunbata, egingo dute, 18:00etan hasita, eta sarrerak eskuragai daude 13 eurotik hasita. Nacho de Pazek zuzenduko du orkestra, eta 160 minutuko iraupena izango du emanaldiak.

Informazio osagarria Arriaga Antzokiaren webgunean topatuko duzue.

+1