Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak bi urtean behin antolatzen duten Benito Ansola Sariaren VI. ekitaldira proposamenak helarazteko epea zabaldu dute. 18 eta 36 urte arteko gazteen sorkuntza sustatzeko helburua du, eta proiektu irabazleak 3.000 euro jasoko ditu lana garatzeko. Egitasmoak aurkezteko epea irailaren 19ra bitarte luzatuko da.

Euskal gazteen ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko helburua duen Benito Ansola Sariak aurtengo deialdia zabaldu berri du. Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak bi urtean behin antolatutako deialdia da, eta 18 eta 36 urte arteko gazteei zuzenduta dago, hamar hilabeteko epean, euskarazko ikus-entzunezko lan bat garatu dezaten. Fikzioak, sorkuntzak, animazioak zein dokumentalak garatzeko proiektuak onartuko dituzte, beti ere, inon argitaratu gabeak ala originalak badira, eta gehienez ere 18 minutuko eta gutxienez 9 minutuko iraupena izan beharko dute (animazioen kasuan, gutxienez 3 minutu). Deialdiaren oinarriak Topagunearen webgunean kontsulta ditzakezue.

Jasotako proposamenen artean, gidoia (50 puntu), zuzendariaren memoria (40 puntu) zein emakumeen parte-hartzea (10 puntu) baloratuko ditu epaimahaiak, eta puntu gehien dituzten hiru proposamenen egileek Lekeitoko Euskal Zine Bileraren 44. edizioan, azaroaren 26an, beren proiektuak aurkeztu beharko dituzte bideo-dei bidez. Eta saioaren ostean epaimahaiak VI. Benito Ansola Sariaren irabazlea nor den jakinaraziko du. Hala, irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, eta 2022ko irailaren 4ra arteko epea izango du filmaren preprodukzioa egin, errodatu, muntatu eta Euskaltzaleen Topaguneari helarazteko, 45. Euskal Zine Bileran proiekta dezaten.

Harrobi oparoa

Benito Ansola Saria jaso duten euskal sortzaile gazteen artean dira David Zabala eta Paul Urkijo, eta Joseba Uberuaga (lehen edizioan); Aitor Gametxo, Maider Fernandez eta Maria Elorza (bigarrenean); Irati Cano (hirugarrenean); Ruben Rosas (laugarrenean); eta Oier Fuentes (orain bi urtekoan). Garaikurraren bidez ekoitzitako lanak, gainera, beste hainbat jaialditan proiektatu dituzte, eta sortzaile gisa ibilbide emankorra egin dute gehienek.

0