Ikus-entzunezkoen alorrean euskarak duen “presentzia eskasarekin arduraturik” dauden hainbat herri ekimenen eta eragileren ekimenez sortu dute Pantailak Euskaraz mugimendua. Honen baitan bildu dira Netflix Euskaraz, Disney+ Euskaraz, Tinko Euskara Elkartea, BIEUSE elkartea eta berriki sortu den Zinemak Euskaraz ekimena. Euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoerari irtenbidea emateko hamar aldarrikapen landu dituzte.

Iñigo Arandia (Tinko), Aintzane Gamiz (BIEUSE), Alex Aginagalde (Disney+) eta Patxo Larrinoa (Netlfix).

Tinko Euskara Elkarteak 25 urte daramatza zinema aretoetan haur eta gazteentzako euskarazko eskaintza sustatzen, eta BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea duela hiru urte sortu zuten, euskarazko bikoizketak eta bikoiztaileek eurek jasandako murrizketei aurre egiteko asmoz. Streaming plataformetan euskararen presentzia sustatzeko sortu ziren, aldiz, orain hilabete batzuk Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenak, eta Zinemak Euskaraz izenekoa, azkenik, maiatzaren 21ean jarri zen martxan, zinemetan euskararen presentzia legez bermatuko duen zinemaren lege propioa galdatzeko.

Bada, bost ekimenek bat egin dute Pantailak Euskaraz mugimenduaren baitan, eta webgune homonimoan sinadura bilketekin batu eta atxikimendua emateko aukera eskaini diete herritarrei. Ez hori bakarrik: gaur, ekainak 8, azken asteetan egindako hausnarketen emaitza partekatu nahi izan dute.

Izan ere, iragan apirilean Netflix Euskaraz-ek antolatutako Durangoko agerraldiaren ondotik, Euskal Herriko ikus-entzunezkoen eta euskalgintzaren alorretako eragileekin bilerak egin dituzte, eta euskarak sektore honen baitan bizi duen egoerari irtenbidea emateko hamar aldarrikapen nagusiak biltzen dituen agiria osatu dute. Tartean, euskarazko ikus-entzunezkoen sektorearen finantzaketa publikoa handitzea, EiTB indartzea eta euskararen normalkuntzarako tresna bilakatzea, euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea, streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea, eta Zinemaren Lege propioa sortzea eskatzen dute. Baita bideo-joko eta interneteko plataformetan euskaren presentzia bermatu eta sustatzea, Ikus-entzunezkoen Lege propioa sortzea, Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa garatzea, Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea eta Euskal Herriko ikus-entzunezkoen koordinazio-organoa sortzea ere. Agiria osorik ikus daiteke hemen.

Orain arte, IBAIA Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoiztaileen Elkarteak eta NAPAR Nafarroako Ekoizleen elkarteak babestu dute agiri hori, eta euskalgintzako zenbait eragilek ere hartu dute parte lanketan. Hala, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko eragileen ekarpenekin osatu eta kontsentsu zabala izango duen Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestu bat osatzeko helburua dute, eta horretan jardungo dira datozen hiletan.

0