Egunotan egiten ari diren Malagako Zinema Jaialdiaren 24. ekitaldian ikusi du argia Valeriano Lópezen Juana la Lorca proposamen bereziak, eta ostegunean, ekainak 10, Errenteriako Ozzinema Zineklubean izango da ikusgai Errenteriako LGTBI+ Mahaiak hilabete osorako antolatutako ekitaldien egitarauaren baitan. Komedia, musikala, performancea eta dokumental faltsua uztartzen dituen proposameneko protagonista Juan Morena transformista da.

Juan Moreno artista transformista eta Sacromonteko ijitoak betidanik izan dio gorrotoa Federico García Lorcari, ijitoen inguruan zabaldutako ikuspegi estereotipatuagatik. Baina gau batean poeta, narratzaile eta antzerkigilearen Son de negros en Cuba poemarekin egingo du amets, eta une horretatik aurrera, García Lorcaren obrarekin identifikatuta sentituko da azaltzen zaila den modu batean. Eta horrek nortasun berri bat ekarriko dio: Juana la Lorca.

Ikus-entzunezko obra berezi eta lotsagabea osatu du Valeriano Lópezek, Lorcaren inguruko topikoak eta poetaren ondarearen gainean eraikitako industria ardatz dituen satira errukigabea. Protagonista trabestismoaren bidez hurbilduko da sortzailearengana, haren marka osatzen duten zutabeak kolokan jarriz, eta zuzendariak hipotesi surrealisten bidez eraikiko du dokumental faltsua, historia bera tragediaren eta fartsaren bidez irudikatuz.

.

Igandera bitarte luzatuko den Malagako Zinema Jaialdiaren 24. edizioan estreinatu dute filma, Zonazine sailean, beste zazpi proposamenekin batera. Eta bertatik Errenteriako Ozzinema Zineklubera egingo du jauzi, osteguneko emanaldian eskainiko baitute, 19:30ean hasita. Sarrerak eskuragai daude jada Lekuona Fabrikan, emanaldia Niessen Kulturgunean egingo duten arren, eta egunean bertan ere lortu ahal izango dira gonbidapenak.

Saioa, hain zuzen, Errenteriako LGTBI+ Mahaiak harrotasunaren hilerako antolatutako ekitaldien egitarauaren baitan kokatzen da, polizia nazional batek Vicente Vadillo Santamaría Fracis Errenteriako Apolo klubean tiroz hil zuenetik 42 urte beteko diren egunean egingo baitute emanaldia. Gertaera hark LGTBI kolektiboetako kideen eskubideen aldeko mugimenduari indarra eman zion Euskadin, Ozzinemako kideek oroitarazi dutenez.

0