Neguko egun euritsu eta hotzetatik babesteko plan bikaina izan da aurreko urteetan, baina COVID19aren pandemiak eraginda, jakak eta aterkiak armairuan gordeta utziko ditugu aurten. Izan ere, bestelako giro bat antzematen da dagoeneko hiriko kaleetan. Manga motzetan, uda ate-joka dugula hasi dira donostiarrak Dock Of The Bay jaialdiko saioetara gerturatzen, eta erritmo biziek piztutako parrandarako gogo izugarriarekin agurtuko dute astebukaeran, ziur, nazioarteko musika dokumental onenak lehian jarri ohi dituen festibala.
Hamalaugarren edizioa gogotsu hasi da. Musique Concrète Instrumentale musika-estiloaren aitzindariaren ekinean murgilduko gaituen Helmut Lachenmann: My way (Wiebke Pöpel) lanak ireki du 2021eko film luzeen sail ofiziala; eta musika elektronikoarekin esperimentatzen jardun duten ezkutuko izarrak lehen lerroa ekarriko dituen Sisters with transistors (Lisa Rovner) filmak hartu dio testigua Perfect Day sailean. Biak ala biak musika lengoaia tradizionala haustera ausartu diren sortzaileei buruzko proposamen iradokitzaileak dira.
Ahaztu gure belarriak melodia ederrez disfrutarazten dituzten Beethoven, Bach, Mozart edota Schuberten sinfonia espektakularrak. Helmut Lachenmann konpositore eta orkestra-zuzendari alemaniarrak soinu horien natura birpentsatzen tematuko baita, beste era batera esanda, instrumentu bakoitzaren soinu tradizionala entzuteko modua birplanteatuko digu. Interpreta al daiteke obra bat, adibidez, biolin-jotzaileak hariak laztandu ordez egurrezko giderra kolpatzen badu? Edota, haizezko instrumentuetan putz egin eta berez ezagunak egiten zaizkigun tinbreen ordez putzadak entzutea zilegi al da? Luigi Nono maisuarekin Venezian konposizio ikasketak bukatu eta gero, Lachenmmannek baietz esango digu, eta partitura klasikoez gain, berak propio sortutakoak entzunaraziko dizkigu Pöpel zuzendariak Helmut Lachenmann: My way bere lehenengo film luzean.
John Cage eta bere kontzertu isil ezagunak oihartzun nabarmenagoa badute ere, ez da gutxiagorako musika hizkuntzari Lachenmmannek egin dion ekarpena. Musikagilearen ibilbide profesionalari gainbegiratua emateaz gain, bere figura eta anbizio pertsonalei eskainiko die dokumentalak tartea. Izenburuak argitu bezala, “bere modu” hori ezagutuko dugu, arrotza dirudiena. Hain zuzen ere, konatutakoarekin bat eginez, konbentzioetatik at aurkituko dugu Pöpel zinegilearen hurbilketa estetikoa. Bideoartetik dator, eta bistakoa da filmeko protagonistaren neurrira egindako lana dela, istorioaren gainetik, batez ere, arlo sentsoriala landuko baitu.
Bestetik, soinu-paisaia iraultzaileen bila aritu ziren aurreneko emakumeen berri emango digu Londresen bizi den Rovner zinemagileak. Sintetizadore, transistore, zinta magnetiko eta antzeko aparatu agertu-berrien laguntzaz, existitu ez baina buruan bueltaka zituzten soinu jakinak sortzeko borroka izango da Sisters with transistors dokumentalaren giltzarria. Bebe Barron, Pauline Oliveros, Maryanne Amacher edo Eliane Radigue artistak, besteak beste, ez dituzue historia liburuetan aurkituko, eta beste hainbat arlo edo diziplinetan gertatu bezala, beharrezkoa da horien ekarpena aldarrikatzeko borondatea izatea.
Bigarren Mundu Gerra bete-betean, hegazkinen burrunbak txundituta edota irratsaio bat martxan jartzeko beharrezkoak diren tramankulu eta aparailuez maiteminduta… 50eko hamarkadan jaioberria zen musika eredu baten alde egiteko sortzaile bakoitzaren inspirazioak ezagutuko ditugu artxiboko irudiek lagunduta. Muntaketa-lan organikoa izango da Rovnerrek proposatuko duena, collage-arengandik oso gertukoa. Pertsonaia bakoitzari albistegietan, saio berezietan, edota modu amateurrean egindako elkarrizketetatik erantsitako testigantzek gidatuko dute puzzle hau, batetik bestera etengabe salto eginez, erritmo biziari eutsiz Sisters with transistors dokumentala ikus-entzuleentzat esperientzia hipnotiko bihurtuz.