Urriaren 29tik azaroaren 5era egingo dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea Donostian, eta aurtengo kartela aurkeztu dute. Carlos Areces aktorea da aurtengo protagonista, José Luis López Vázquezen pertsonaian sartuta, Antonio Merceroren La cabina telesailari eginiko omenaldian.
“Espainiako fantasiazko generoaren historiak izan duen irudi ikoniko eta gogoratuenetakoa” eraman du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak aurtengo ekitaldiaren kartelera. Carlos Areces aktore madrildarra da irudiko protagonista, eta 1972ko abenduan estreinatu zen La cabina telesail fantastikoko pertsonaia nagusiaren azalean sartu da, telefono kabina batean harrapatuta geratu den gizonaren itoaldia erakusteko. Arrakasta handia izan zuen garaian Antoni Mercerok zuzendutako eta José Luis Garcik idatzitako proiektuak, eta mundu osoko telebistetan eskaini zuten.
Arecesek 2000. hamarkadaren hasieran abiatu zuen bere ibilbide profesionala La hora chanante TVEko programan, eta 2009an egin zuen jauzi pantaila handira, Javier Ruiz Calderaren Spanhis Movie komediarekin. 2010ean Alex de la Iglesiaren aginduetara aritu zen Balada triste de trompeta lanean, eta segidan etorri ziren Oscar Aibarren El gran Vázquez (2010), Juan Martínez Morenoren Lobos de Arga (2012), Pedro Almodóvarren Los amantes pasajeros (2013) eta Santiago Seguraren Torrente 5: Operación Eurovegas (2014) bezalako filmak. Umorearen generoa jorratu du bereziki aktore gisa, baina horrez gain, bere marrazkiak eta istorioak argitaratu ditu, tartean, El Jueves aldizkarian, eta Ojete Calor bikoan aritzen da musikari gisa.
32. edizioaren irudia ekoizteaz, ostera, arduratu dira Alberto Morago argazkilaria, Bea Durán makillatzaile eta ile-apaintzailea, Nerea Torrijos jantziteria arduraduna eta Andrea Carilla argi laguntzailea. Azken urteetan, besteak beste, Javier Botet, Itziar Castro, María José Cantudo eta Mario Vaquerizo bezalako aktore eta pertsona ospetsuek jarri diote irudia Donostiako jaialdiari, eta argazkiaren aurkezpena edizio berria zabaltzeko zita bilakatu da. 30. edizioan, hain zuzen, jaialdiko ikusleei eman zieten protagonismoa, eta Antzoki Zaharrean egindako argazkiarekin osatu zuten ekitaldiaren irudia.