Fikzioa, dokumentala, animazioa eta genero esperimentala izango dira nagusi Kimuak egitasmoaren 2021eko katalogoan. 47 lan aurkeztu ziren deialdira, eta horien artean zortzi aukeratu ditu epaimahaiak programaren bidez nazioarteko jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetan zabaltzeko.

Euskadiko Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta, ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea izan dute jardun nagusia. Deialdi bat zabaltzen dute urtero, jasotako lan guztiak aztertu eta EAEn ekoiztutako zazpi bat film laburren aukeraketa osatzen dute horiekin. Ondoren, lan hauek azpititulatu, eta mundu osoko zinema jaialdietara banatzen dituzte.

Bada, honako profesionalak arduratu dira 2021eko aukeraketa lanaz: Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–, Ainhoa Fernández de Arroyabe –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea–, Víctor Lamadrid –Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea, Alfonso López –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea– eta Ana Esperanza Redondo –Donostia Zinemaldiko Dokumentazio eta Film Departamentuko eta Hautespen Batzordeko kidea–.

Fikzioa, dokumentala, animazioa eta esperimentala eskainiko ditu aurtengo katalogoak eta, hizkuntza hautuari dagokionez, aski nabarmen igo da euskararen presentzia_ filmetako hiru euskara hutsean daude; bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak); bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz; amaitzeko, azken batek ez dauka elkarrizketarik.

Hauxe duzue hautatutako lanen zerrenda:

  • Azaletik azalera (Mel Arranz)

Mel Arranz (Gasteiz, 1998) zuzendariaren lehen filma da Azaletik azalera animazioa, crowdfunding bidez sortutako lana. Lerro eta formen artean, eskuek elkar ukitu, ezagutu eta esperimentatzen dute, azalen arteko mugak hautsi nahian.

  • Berak baleki (Aitor Gametxo)

Martinek ilusioz betetzen du egunero lan egiten duen platoa. Bere bizitza pertsonalean, berriz, hutsune handi bat sentitzen du.

Iñigo Aranburuk gorpuzten du Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989)  zuzendutako euskarazko fikzio honen protagonista, eta Koldo Olabarri, Eneritz Artetxe eta Jokin Uribelarreak osatzen dute aktore-taldea. Aurreko lanetan bezala, narratiba tradizionalak eta esperimentazio formala uztartu ditu zinemagileak

  • Heltzear (Mikel Gurrea)

Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira Heltzear filmeko protagonistak. Mende aldaketako Donostian girotutako fikzioa da, euskal gatazka oraindik aktibo dagoen garaikoa. Sara, 15 urteko eskalatzailea, kanpoan den bere anaiari gutuna idazten ari zaiola, gogor entrenatzen ari da bere bizitzako maila-igoerarik zailenerako.

Mikel Gurreak (Donostia, 1985) bere bigarren film laburra du Kimuaken, 2015ean Foxes-ekin parte hartu ondoren.

  • Inner Outer Space (Laida Lertxundi)

Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) zinemagile eta artista ezagunaren azken pieza esperimentala da Inner Outer Space. Gogoeta laburra da, barnekotasunaren eta ekologiaren, indibidualaren eta komunitarioaren artean kokatutako ideien geografiari buruzkoa.

Profesionalak ez diren aktoreek hainbat zentzumen-ariketa egiten dituzte, besteak beste, elkarrizketa telepatikoak, begiak estalita dituzten paseoak eta “Plain air” marrazkiak Euskal Herriko itsas paisaietan eta mendietan. Horrela, ukitzeko eta post-konfinamenduak markatutako errealitate batean egoteko nahia jartzen dute martxan. Helena Estrela, Ren Ebel, Martina Ruiz Ameztoy, Unai Ruiz Ameztoy, Kai Ruíz Ameztoy, Mariana San Sanchez Bueno eta Jessica Lee aktoreek hartuko dute parte.

  • Resonancias (Iñigo Aranburu)

Iñigo Aranburu zuzendaria eta protagonista dela, fikzio labur honetan atzo grabatutako soinuak eta ahotsak erresonantzia kaxa handi batean erreproduzitzen dira gaur.

Resonancias (OIHARTZUNAK) Iñigo Aranburu (1971) aktore donostiarraren lehen lana da.

  • Trumoiak (Iker Maguregi)

Bi anai hondartzan jolasten dabiltza petardoekin. Jabegabe dirudien autokarabana bat aurkitu eta barrualdea aztertzen dute. Arriskuak erakartzen ditu, hori da haien harremanaren oinarria. Peio Bilbao, Tasio Bilbao eta Daniel Gómara dira fikzio honen antzezleak.

Iker Maguregi (Getxo, 1996) Ikus-entzunezko Komunikazio graduduna eta Zuzendaritzan espezializatua da filmaren egilea.

  • Ur azian lore (Aitor Oñederra)

“Ezin nion inori ezer kontatu. Bakarrik nengoen”. Animazio honen protagonista bakarrik dago, eta inori kontatu ezin dion sekretu bat dauka.

Aitor Oñederrak (Deba, 1983) bigarren aldiz hartuko du parte KIMUAK katalogoaren eskaintzan, I Said I Would Never Talk About Politics lana aurkeztu baitzuen 2015ean. Bestalde, Beti bezperako koplak (Kimuak 2016) eta Areka (Kimuak 2017) obra kolektiboetako sormen taldeetako kide izan zen.

  • Zerua blu (Lur Olaizola)

1954ko urtarrilaren 24ean, 22 urteko Mamaddik itsasontzi bat hartu zuen Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zen herriko zineman, pantailatik atera eta inoiz desagertzen ez diren irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.

Euskara, frantsesa eta ingelesa uztartzen dituen dokumental hau, Lur Olaizola (Donostia, 1988) zinemagile eta programatzailearen bigarren filma da. Pasa den urteko ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian estreinatu zen eta Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia eskuratu zuen.