Ander Iriarte zinemagile oiartzuarra garatzen ari den Krask soinua dokumentalaren harira, zinemagilearekin berarekin eta proiektuan koproduktore gisa ari den Gastibeltza Filmak ekoiztetxeko Katty Pochelurekin izandako elkarrizketaren bigarren zatia duzue honakoa, ekoizpenari lotutakoak zein filmaren datozen urratsak aipagai dituena.

“Ekoizpenean erronkarik handiena finantzamendua lortzea da, eta horretan izan dugu lanik handiena. Horregatik luzatu da pixka bat prozesua”, adierazi du Pocheluk berak egindako lanaren inguruan galdetutakoan. Gastibeltzak Filmak ekoiztetxearen baitan, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko lotura naturala baliatu dute orain arteko proiektuak aurrera eramateko, eta Krask soinua ez da salbuespena izan: “Hizkuntza eta kultura bera ditugu, eta gure joko-eremua Euskal Herria da, lehen-lehenik. Hortik harago ezartzen dizkiguten mugak gure alde erabiltzen ditugu proiektuak aitzinera eramateko eta azkarrago egiteko, lotuak garen lurralde administratiboetako diru-laguntzak bilatuta. Horri esker, proiektuak indar eta laguntza gehiagorekin egitea lortzen dugu”.

Iriartek, bere aldetik, ikusleak dokumentalera erakarri nahi ditu: “Ez nuke ikuslea pelikula ikusi gabe geratzea bi arrazoirengatik: batetik, torturarik ez dagoela uste duelako, eta bestetik, ikus-entzunezkoak beldurra ematen diolako. Hau ez da torturaren museo bat, fenomenoak nola biziraun duen azaltzen ahalegintzen den lana baizik”.

Uneotan postprodukzio fasean murgilduta daude, eta piezak bere lekuan jarri ahala, jaialdietako ibilbidea noiz abiatu erabakiko dute, hori baita haien helburua: nazioarteko festibal batean estreinatzea.