1979tik ospatzen den Baigorriko Kulturaldiaren aurtengo edizioa iragan maiatzaren 28tik datorren ekainaren 20ra bitarte egiten ari dira, eta Basaizea elkartearen ekimenez, musika, literatura, antzerkia, dantza eta baita zinema ere, eskainiko dituzte programazio oparoaren baitan. Ikus-entzunezkoei eskainitako saioa ostiralean, ekainak 11, egingo dute.
Josu Martinez zinemagileak zuzendutako eta Baigorrin filmatutako hiru film labur izango dira ikusgai datorren ostiralean, hilak 11, Baigorriko Kulturaldian: Ama (2018), Anti (2019) eta Subandila (2021). 20:00etan hasita, Biletxean egingo dute proiekzioa, eta ostean, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea den Martinezek berak hartuko du parte solasaldian. Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak zuzendutako ekimena izango da.
Baigorriko Kulturaldia euskal kulturaren aldeko ekimen popularra da, orain 40 urtetik gauzatzen den topaketa herrikoia. Aurtengo edizioa atzeratu egin behar izan dute pandemiaren eraginez, baina neurriak aritzen joan diren heinean, kultur emankizunak berreskuratzeko eta kulturari merezi duen lekua egiteko gogoz, egitarau anitza atondu du Basaizea elkarteak. Aurtengo ekitaldi guztiak, dena den, herrian bertan egiten ari dira, eta ez Baigorriko ibarreko herri ezberdinetan, ohi bezala.
Koldo Zuazo hizkuntzalariaren Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara zein Dom Campistron ilustratzailearen Bekatorosak lan berrien aurkezpenak, Axut! Antzerki konpainiaren Amua proposamenaren emanaldia, zein Ruper Ordorikaren eta Mugalaris taldearen emankizuna eskaini dituzte orain arte, eta ostiraleko zinema emanaldiaren ondoren, hilaren 20an, Arrola dantza taldeak eta Garaztarrek elkarlanean prestatutako Izan baita ikuskizunarekin itxiko dute programazioa.