Paul Urkijo zinemagileak Zuzendaritza Onenaren saria jaso du Utah-n (AEB) ospatu berri duten FILMQUEST jaialdian. Egun, Irati bere bigarren film luzearen grabaketa lanetan ari da arabarra.
Dar-dar euskal elezahar bateko deabru bat da, atzamarrak jaten dituena. Eta honela dio: “Dar, dar, dar, zure atzamarra ekar. Eman ezean, etorriko naiz gauean eta zure arima eramango dut ordainean”. 2020an estreinatutako filma izanagatik, arrakastak ez du etenik gasteiztarraren proiektuarentzat. Utah estatuko FilmQuest Festival ezagunean lehiatu da berriki, eta lortutako bost hautagaitzen artean zuzendari onenarena erdietsi du errealizadoreak.
2020ko urtarrilean, Olaetan errodatutako film laburra da Dar-Dar, eta Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias Garcia ditu protagonista nagusiak. Iluntasuna du oinarri, eta Urkijok berak horrela aitortuta, pertsona nagusiei zuzendutako beldurrezko istorioa baten tankera hartzen du. Lan esperimentala osatu zuen, zuri-beltzean filmatutakoa eta espresionismo alemaniarraren ukituak dituena.
Ameriketako Estatu Batuetan eskuratutako aintzatespena, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean hasitako ibilbide arrakastatsu eta luzeari gehitutako urratsa da.
Irati luzearen errodaje lanak
Errementari (2017) eta Dar-Dar (2020) fantasiazko proiektu arrakastatsuen egilea Irati luze berria prestatzen ari da egun. Filma K.o. VIII. mendean girotuta dago, eta borrokalari kristau eta musulmanak Pirinioetako baso pagano ezkutuetan murgildiko ditu, Carlomagnorek Erronkariko guduan galdutako altxorraren bila. Gune enigmatikoan gidari izango dute Irati gaztea, “izena duen orok du izana” premisari jarraiki, arbasoen mundu mitologiko berezian barneratuko dituena.