Datorren astelehenean, ekainaren 7an, emango dute ezagutzera KIMUAK katalogoaren 24.edizioa osatuko duten lanen aukeraketa. Maiatzaren 24an amaitu zen deialdiaren epea eta, orotara, 47 film laburrek eman dute izena.
Iazko kopuruarekin alderatuta, 25 proiektu gutxiago aurkeztu dituzte 2021ean KIMUAK euskal film laburren ekoizpen eta banaketa programara, 47 guztira. Euskadiko Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta, ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea izan dute jardun nagusia. Deialdi bat zabaltzen dute urtero, jasotako lan guztiak aztertu eta EAEn ekoiztutako zazpi bat film laburren aukeraketa osatzen dute horiekin. Ondoren, lan hauek azpititulatu, eta mundu osoko zinema jaialdietara banatzen dituzte.
Parte hartzeko denbora amaitzearekin, 24. edizioa izango denaren lehen langa gainditu dute egitasmoaren antolatzaileek. Aurkeztutako lanak aztertu eta epaitzeko unea da orain, eta zinema eta ikus-entzunezkoen munduko bost profesional eta adituez osatutako hautespen batzorde independente bat eratu dute horretarako:
- Vanesa Fernandez: ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria.
- Ainhoa Fernandez de Arroyabe: Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea.
- Victor Lamadrid: Cantabria en Corto film labur sustapen-katalogoko arduraduna, Cantabria Film Commissioneko koordinatzailea eta Spain Film Commissioneko presidenteordea.
- Alfonso Lopez: Donostia Kulturako Zinema Unitateko teknikaria eta Bang Bang Zinemako kidea.
- Ana Esperanza Redondo: Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko eta Dokumentazio eta Film Departamentuko kidea.
Sortaren arduradunek adierazi dutenaren arabera, ekainaren 7an emango dute jakitera aurtengo katalogoa osatuko duten filmen aukeraketa.