Euskaltzale talde baten ekimenez, Euskal Herriko zinema aretoetan euskararen presentzia bermatzeko sinadura bilketa abiatu dute Avaaz plataforman. Zinemak Euskaraz lelopean, zinemetan euskararen presentzia legez bermatuko duen Zinemaren Lege propioa aldarrikatzen dute, eta Disney+ Euskaraz zein Netflix Euskaraz ekimenekin lehen harremanak izan dituztela aurreratu dute.

“Gure herrietako zinemetan euskaraz eskaintzen diren filmek ez dute, inolaz ere, bermatzen euskaldunok zinea gure hizkuntzak ikusteko dugun eskubidea”, adierazi dute Zinemak Euskaraz ekimeneko arduradunek. Hala, kulturako beste hainbat esparrurekin alderatuta, zineman euskararen presentzia nabarmen murritzagoa dela azpimarratu dute, eta Euskal Herriko aretoetan jatorriz euskaraz ekoitzitako zein euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako lanak ikusi nahi dituztela aldarrikatu.

Horretarako, euskararen presentzia legez bermatuko duen Zineamren Lege propioa galdatu dute, euskara gazteleraren eta frantsesaren pare jarriko duena, emanaldien erdia euskarazko bertsioan eskainiz. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Hirigune Elkargoari luzatu diete eskaera, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aintzat hartu eta errespetatzeko, Zinemaren Legea adostu eta indarrean jarri dezaten.

Sinadura bilketa iragan maiatzaren 21ean abiatu zuten, eta uneotan ia 400 lagunek egin dute bat ekimenarekin. Lehen helburua 500 sinadurako langara heltzea litzateke. Era berean, Netflix eta Disney+ eskaerapeko plataforma digitaletan euskararen presentzia sustatzeko lanean ari diren ekimenekin harremanetan jarri direla azaldu zute. Azken biek Pantailak Euskaraz izeneko atariaren bidez ari dira sinadurak biltzen, eta abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunerako 20.000 eta 10.000 atxikimendu eskuratu nahi dituzte, hurrenez hurren.

0