Joan zen ostiralean, maiatzak 28, itxi genuen VII. Kritika Lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta hamar kritika jaso ditugu orotara. Eskerrik asko deialdian parte hartu duzuen guztiei! Guztien artean aurtengo deialdiaren irabazlea nor den ebazteaz arduratuko da orain epaimahaia, eta ekain erdian jakinaraziko ditugu izen-abizenak. Zorte on!

2021eko uztailetik 2022ko ekainera gurekin ariko den kolaboratzaile berria ezagutuko dugu bi aste barru, aurtengo epaimahaiak bere erabakiaren berri ematen digunean. Izan ere, epaimahaia bi urtean behin berritzeko joera mantendu dugu lehiaketa sortu genuen une beretik, eta aurtengoa VII. edizioa izanik, aldaketa etorri da.

Lehenengo bi edizioetan Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendari ohia, Juan G. Andrés kultur kazetaria eta Oihana Maritorena aktorea izan ziren epaimahaikideak. Hirugarren eta laugarren ediziorako, ordea, beste hiru lagun lotu genituen, Iñaki Lazkano kritikari eta irakaslea; Ane Muñoz zuzendari eta scritp-a; eta Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria, eta Donostia Kulturako zinema ataleko programazio arduraduna. Eta azken bi ekitaldietan Iratxe Fresneda zinemagile, gidoilari eta irakaslea; Kresala Zinekluba zinemazale taldea eta Zineuskadi Elkarteko Jara Ayucar ordezkaria izan ziren epaimahaikideak.

Bada, aurtengoan Ander Makazaga Conde zineman espezializatutako kazetaria, Lur Olaizola Lizarralde Tabakalerako ikus-entzunezko atalaren koordinatzailea eta zinemagilea, eta Eneko Olasagasti Ezeiza aktore, ekoizle, zinemagile, irakasle eta gidoigilea arduratuko dira irabazlea nor den ebazteaz. Bi asteko tartea izango dute horretarako, eta ekain erdialdean jakinaraziko digute beren epaia.

Guk ere orduan emango dugu aditzera kolaboratzaile berriaren izena, eta uztaileko lehen astean argitaratuko du bere lehen ekarpena. Zorte on guztiei!

0