Zuzendaria: Kelly Reichardt
Urtea: 2019
Herrialdea: AEB
 

Mito fundatzaileen atzealde gizatiarra

Zelai idor amaigabeak, zaldunen esetsaldiak, tiro hotsak, biziraupenaren bortizkeria, uniformedun soldadu zintzoak versus lumadun gerlari basatiak… Westernek irmotasunez iltzatu izan dituzte aurreko topiko guztiak geure iruditegian, historiaren interpretazio hegemonikoen islatzat. Alabaina, bada garaia irudiok birpentsatzen hasteko eta, xede horri begira, zinemak badu onartu beharreko ardura.

Nork zaintzen du cowboy mitikoen etxea? Nork josten dizkie heroiei galtzerdietako urradurak? First Cow (2019) ederrean, Kelly Reichardt zuzendariak iraultzen ditu western filmen kodigoak, Meek’s Cutoff (2010) zintan egin izan zuen gisa, mitoaren gerizpean garatzen diren kontakizun eta bizitza xumeak lehen planora ekarriz.

1820ko hamarkadan, Oregonen, elkar ezagutzen dute Cookiek (John Magaro) eta King Luk (Orion Lee) eta, egunerokotasunaren eta inguruaren zailtasunek bultzatuta, bi gizonen artean laguntasuna sortzen da. Biziraupen eta konkistaren mito handinahietatik urrunduz, haien eguneroko bizitzaren xehetasunetan aurkitu daiteke edertasuna: opil goxoa dastatzerakoan, jana biltzean, etorkizuneko ametsei buruz mintzatzerakoan edo behi xarmantari xuxurlatutako hitz samur bakoitzean.

Filmaren ekoizpenak Cookiek jakiak prestatzeko darabilen zuhurtzia eta pasio horiexek igortzen ditu. Ia karratua den irudiaz baliatuz, panoramika handiak erakusteko aukera birrintzen du Reichardtek. Hala, paisaia zabal epikoak saihestuz, errazagoa da lurrok landu eta haietan bizi diren pertsonak ezagutzea; haien artean, noski, lehendik han zeuden amerindiarrak ere. Ildo beretik, plano orokor zabalak ekiditean, natura ez da aurkezten konkistatu eta ustiatu beharreko handitasun arrotzat; baizik eta, harremanak eta bizitza baldintzatzen dituen elementutzat, zeinari errespetua eta zaintza zor zaizkion.

First Cow-k domina oroz garbitzen du Estatu Batuetako historia, amets amerikarraren mitoa hezurretaraino biluztuz. Hornidura horiek kenduta, laguntasuna eta naturarekiko harremana baino ez dira geratzen, istorio hunkigarri bezain atsegina funtsatzeko nahikoa direnak. Filmak iragan ez hain urrun hartara begirada botatzea eskatzen du, ez soilik ikusle gisa zinema aretoko besaulkitik; baizik eta, orainaldia konprometituz, gertakari historikoen berrinterpretazioa aldarrikatuz eta pertsonaia historikoen aniztasuna berretsiz.  Hasierako sekuentziari esker, zeinetan bi eskeleto lurpetik ateratzen diren; arkeologia saio berezian murgiltzeko aukera eskaintzen digu Reichardtek. Iragana eta etorkizuna birpentsatzeko abagunea irekitzen du, irudika daitekeen modurik soil eta ederrenean.

+1