Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 20. edizioa uztailaren 23tik abuztuaren 1era egingo dute Errumaniako Cluj-Napoca hirian, eta zinema espainiarraren lagin bat eskainiko dute Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean atondutako Spain Focus programaren bidez. Carte Blanche: San Sebastián azpiatalaren baitan, halaber, Donostia Zinemaldiko hautespen-batzordeak aukeratutako 10 lan proiektatuko dituzte.

2002an sortu zen Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdiak zinema espainiarrari tartea egin nahi dio 20. urteurrenean, eta horretarako, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, emanaldi bereziz, hitzaldiz, eskola magistralez, industriarentzako jardueraz eta erakusketaz osatutako Spain Focus programazio zabala prestatu du. Cluj-Napocan egiten duten festibalak talentu berriengan jarri ohi du arreta, eta Zinemaldiarekin adostutako lankidetzaren bidez, aurreko edizioetako Zuzendari Berriak sailean ikusgai izandako hainbat film eramango dituzte Errumaniara, besteak beste, Ane (David Pérez Sañudo, 2020), La última primavera (Isabel Lamberti, 2020), Hil kanpaiak (Imanol Rayo 2020), Viaje al cuarto de una madre (Celia Rico Clavellino, 2018) eta Apuntes para una película de atracos (León Siminiani, 2018).

Programazioaren baitako Carte Blanche: San Sebastián ekimena, aldiz, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) babesarekin antolatuko dute, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean emandako hainbat lan proiektatuko dituzte, hala nola, La hija de un ladrón (Belén Funes, 2019) eta Antidisturbios (Rodrigo Sorogoyen, 2020) telesaila, baita RTVE Emanaldiak sailean eskaini zituzten Explota Explota (Nacho Álvarez, 2020) eta Sentimental (Cesc Gay, 2020), zein Culinary Zineman bildutako ARZAK since 1897 (Asier Altuna, 2020) ere. Gayren proposamena, gainera, Unirii plazan jarriko duten pantaila handian eskainiko dute uztailaren 23ko jaialdiaren irekiera emanaldian.

Transilvaniako Nazioarteko Zinema Jaialdia Errumaniako Zinema Sustatzeko Elkarteak eta Transilvaniako Zinema Jaialdiaren Elkarteak antolatzen dute. Lehiaketaren hogeigarren edizioa uztailaren 23tik abuztuaren 1era egingo dute, eta osasun publikoa babesteko beharrezko segurtasun-neurriak hartuko dituzte. Elkarlanaren inguruko informazio osagarria, Donostia Zinemaldiaren atarian.