Tuterako Udalak eta Musikaria Zineklubak antolatutako Tuterako Zinema Espainiarraren Mostraren 27. edizioa egiten ari dira egunotan. Abenduan egitekoa zen Opera Prima festibala bertan behera geratu ostean, ekimen hartan eskaintzeko zen Las niña barneratu dute programazioan, eta hala, sortzaile berriei zein izen handiko zinemagileei eskainitako ekitaldia izango da aurtengoa.

Iragan astelehenean abiatu zituzten Tuterako Zinema Espainiarraren Mostraren edizio berriko emanaldiak, Pilar Palomero sortzailearen Las niñas opera prima arrakastatsuarekin. Atzo, hilak 25, Mariana Brasi zuzendariaren Crónica de una tormenta proiektatu zuten, eta gaur, hilak 26, asteazkena, Icíar Bollaínen La boda de Rosa komedia laudatua izango da ikusgai, Ramón Barea filmeko aktorearen parte hartzearekin. Bost izango dira aurtengo ekitaldian ikusgai izango diren lanak, eta bihar eta etzi, Gracia Querejetaren Invisibles eta David P. Sañudoren Ane sarituak emango dituzte.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, jaialdian bildutako bost filmetik lau dira emakumezko zinemagileen obrak, eta haietako protagonistak ere andrazkoak dira. Guztien artean Palomeroren Las niñas nabarmendu dute, abenduan ospatzekoa zen Opera Prima festibalean eskaintzekoa zen lana, sortzailearen solasaldiarekin.

Gainera, ekimena aurrez aurre egiteko erabakia hartu zuten, ikusleen eta jaialdiaren ezaugarriek bultzatuta, eta asmoa egikaritzeko, hainbat hilabetez atzeratu behar izan dute festibala. Dena den, Moncayo zinemaren edukiera 175 lagunera murriztu dute, eta saioak 19:30ean abiatuko dituzte: solasaldia lehenik, eta filmaren emanaldia ondoren.