Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrak bost urte daramatza Francisco Etxeberria Gabilondo doktoreak zuzendutako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco lanak agerian utzitako abusu eta jazarpen ikerketak oinarri dituen Krask soinua dokumentala prestatzen. Gastibeltza ekoiztetxeko Katty Pocheluk Arroxelako Sunny Side of the Doc dokumentalen azokan izan zuen proiektuaren berri, eta ordutik buru-belarri ari dira lanean, impact cinema deritzon generoaren baitan kokatutako ikus-entzunezkoa burutzeko asmoz.
“2016ean, Etxeberriaren proiektuaren aurkezpenera joateko aukera eman zidatenean, ez nekien torturaz hitz egiten ari ginenean, zertaz ari ginen. Praktika brutal batean kokatzen nuen, eta nire imaginarioa Frankismo garaiko tortura ereduan, zineman erakusten den horretan, zegoen. Baina aurkezpenean konturatu nintzen egun torturaren mamuak Euskal Herrian jarraitzen zuela, garatu eta ikusezina bilakatu zelako, eta hor nire sorpresa: etxean ere torturatua genuen guk jakin gabe”. Motibazio pertsonal horrek eraman du Iriarte fokua torturatuetan ez ezik, torturak frogatu dituztenengan jartzera: herriz herri jendeari beren esperientziak kontatzeko eskatu dieten horiengan, informea zuzendu dutenengan, informe perizialak egin dituzten psikologoengan, eta fenomenoa mundu mailan ulertzeko, nazioarteko adituengan. Bost urte daramatza lanean, sekula baino ordu gehiago grabatu ditu, eta muntaketan murgilduta dabil orain.
Proiektuaren sustatzaile den Mirokutana ekoiztetxearekin batera, Irusoin eta Gastibeltza ekoiztetxeak batu dira egitasmora. Azken honetako arduraduna da Katty Pochelu, eta ikus-entzunezkoaren aztergaiak eta gaia lantzeko ikuspuntuak erakarrita hasi zen proiektuan lanean. Jarraian duzue bi sortzaileekin egindako elkarrizketaren lehen zatia.