Datorren ekainaren 3tik 13ra ospatuko da Malagako Zinema Jaialdiaren 24. edizioa. Aste honetan eman dute antolatzaileek programazioaren berri eta, besteak beste, ezagutu dugu nabarmena izango dela euskal zinemagintzaren sektoreko profesional eta lanen parte-hartzea.

Julia Juaniz izango da ekitaldiko protagonista nagusia, muntatzaile nafarrak jasoko baitu Zinema Akademiak banatutako Ricardo Franco saria. 60tik gora film muntatu ditu Juanizek, hala nola, Carlos Saura, Víctor Erice, Daniel Calparsoro, Ramón Barea eta Alberto Gorritiberea zinegileen pelikulak, eta muntaketa onenaren Goya sarirako hautagaia izan da bi alditan: 1996an, Goya en Burdeos (Carlos Saura) filmagatik, eta 2005ean, Iberia (Carlos Saura) dokumentalagatik.

Horrez gain, errealizadore gisa ere lan egindakoa da, eta zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ditu, eta bere argazki eta bideolanak hainbat erakusketatan izan dira ikusgai. Ikus-entzunezko industriako euskal profesionalen lana errekonozitzeko asmoz 2009an sortutako Zinemira Saria jaso zuen 2017an.

Euskal film andana

Filmen lehiaketari dagokionean ere, euskal jatorriko proiektu andana izango da ikusgai jaialdiaren atal desberdinetan. Sail Ofizialean, Garcia y Garcia (Ana Murugarren), film luzeen aukeraketan, eta, laburrei eskainitako tartean, Polvo Somos (Esti Urresola), La colcha y la madre (David P. Sañudo), Ya no duermo (Marina Palacio) eta Ruido Solar (Pablo Hernando).

Dokumentalen kasuan, Fantasia lana aurkeztuko du Aitor Merino iruindarrak. Euskal zinemagile eta aktorearen ez-fikziozko bigarren film luzeak nostalgia, samurtasuna eta umorea nahastuko ditu, bere gurasoen bizitza bereziari eta denboraren igarotzeari buruzko hausnarketa biribila eskaintzeko. Horrekin batera, Nazioartean jada hainbatetan saritu duten Quebrantos (Maria Elorza eta Koldo Almandoz) laburra ere izango da ikusgai.

Amaitzeko, Emakumeen Eskubideak mahaigaineratzen dituzten euskal film hauek proiektatuko dituzte: Before I die (Iker Esteibarlanda), Barraskiloentzat iganderik ez (Ainhoa Urgoitia) eta La historia de todas nosotras (Itxaso Diaz).

Ezagutu programazio osoa eta bestelako xehetasunak, hemen.