Verkami plataformako crowdfunding kanpaina oraindik zabalik dagoen arren (11 egun falta dira), 25.000 euroko langa aspaldi gainditu zuen Altsasu (Gau Hura) dokumentalak, norbanako anonimoek egindako 773 ekarpenen bidez. Marc Parramon eta Amets Arzallusek zuzendutako lanak egunotan ospatzen ari diren Docs Barcelona jaialdian ikusi du argia.
2016ko Altsasuko gertaeretatik tiraka, herritarrek gorputz armatuen aurrean duten babesgabetasunaren inguruan gogoeta egin nahi du Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean ekoitzitako Altsasu (Gau Hura) dokumentalak. Marc Parramon dokumentalgilea eta Amets Arzallus kazetari eta bertsolaria, hurbileko behaketa eginez, gazteen eguneroko bizitzatik hasi eta epaitegiaren zein kartzelaren atarietara joan dira dokumentalean, begirada intimo bezain poetikoa landuz. Hiru urte baino gehiago daramatzate lanean, eta iragan apiril amaieran crowdfunding kanpaina jarri zuten abian postprodukzio faseari lotutako lanekin amaitzeko.
Massa d’Or Producciones eta Marmoka Films ekoiztetxeen proposamenak, ordea, maiatzaren 18tik 30era Bartzelonan ospatzen ari diren Docs Barcelona dokumentalen jaialdian ikusi du argia, Sección Oficial Latitud atal lehiakorraren baitan, eta pandemiaren eraginez, aurrez aurreko saioetan ez ezik, Filmin plataforman ere ikusgai izango da maiatzaren 27ra arte.
Crowdfunding kanpainak, halaber, zabalik jarraituko du ekain hasierara arte. Dokumentalaren egileek 25.000 euro bildu nahi zituzten filmaren postprodukzioa finantzatu eta beronen nazioartekotzea gauzatzeko. Kolorearen akabera, soinuaren doiketa eta nahasketa, artxiboaren erabilera, kredituak, azpidatziak, kartelaren diseinua eta trailerraren promozioa egitera bideratuko dute lortutakoa, besteak beste. Epea amaitu aurretik, baina, 30.000 eurotik gora eskuratu dituzte jada, eta 770etik gora lagunek egin dute ekarpena.