Ekainaren 4tik 13ra luzatuko den Sheffield Doc Fest dokumentalen jaialdian egingo du Lur Olaizolaren Zerua blu laburrak nazioarteko estreinaldia. Ghosts and Apparitions sailean izango da ikusgai, eta ekainaren 5ean egingo dituzte emanaldiak. Mamaddi Jaunarenaren ibilbidea du aztergai 16 minutuko lanak.
Iragan azaroan ikusi zuen argia Bilboko ZINEBI jaialdian Lur Olaizolaren Zerua Blu dokumental laburrak. 1954ko urtarrilaren 24an, 22 urte zituela, Mamaddi Jaunarenak El Havretik New Yorkerako itsasontzia hartu zuen, baina bidaia hura lehenago hasi zen, Ortzaize sorterriko zineman, pantailatik atera, bizitza zeharkatu eta inoiz uzten ez zaituzten irudiekin: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu. Lanak Espainiako Film Labur Onanaren sari nagusia jaso zuen, “Euskaditik Amerikara joandakoen gaia jasotzeko eta kontatzeko duen modu berritzaileagatik”, epaimahaiaren hitzetan.
Filma Sheffield Doc Fest dokumentalen jaialdian lehiatzeko aukeratua izan da orain, eta hilaren 4tik 13ra luzatuko den egitarauaren baitan, Ghosts & Apparitions atalean izango da ikusgai hilaren 5ean. Sail lehiakorra izango da, eta beste 38 lanekin batera hartuko du parte. Filmaren nazioarteko estreinaldia online egingo dute, jaialdia bera digitalki garatuko baita datozen asteetan.
Olaizolak zuzendari gisa aurkeztu duen bigarren film laburra da, 2019ko Xulia proposamenaren ostean. Lehen lan hartan ere Xulia izeneko andrazko protagonistaren iraganera egin zuen bidaia, desintoxikazio zentro batean egindako egonaldiak utzitako oroitzapenei tiraka.