2022an 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zineklubak ikusleen fideltasuna saritzeko Kresala Zineklubaren Laguna bonua eta Deskontudun Txartela eskainiko ditu aurrerantzean, denboraldiko emanaldi guztietara (edo gehienetara) joaten diren herritarrei zuzenduta. Lehenak denboraldi osorako eserlekua ziurtatuko du 120 euroren truke, eta bigarrenak euro bateko deskontua egingo du sarrera bakoitzeko.

Kresala Zineklubeko arduradunek publikoarengana hurbiltzeko ekimen berri bat jarri dute abian: Kresala Laguna txartelak. Izan ere, zinekluba sortu zenetik jaso duten diru-laguntza ukatu diete aurten, eta Covid19aren pandemiak eraginda aretoen edukiera % 50era murriztuta dagoen honetan, gastuei aurre egiteko sarreren prezioak euro bat igotzera behartuta sentitu dira. Era berean, sarrera fisikoen hileroko aurre-salmenta alboratu nahi dute, eta txartelak online saldu, nahiz eta emanaldien aurretik leihatilan eskuratzeko aukera ere egongo den, geratuko balira.

Honengatik guztiagatik, eta saioetara gerturatzen diren herritarren ehuneko handi bat publiko fidelak osatzen duela ikusita, haien babesa eskertu eta saritzeko bi txartel sortu dituzte. Lehenak Kresala Zineklubaren Laguna du izena, eta urte osoko bonua da. 120 euroko kostua du denboraldiko, eta aldi bakarrean ala irailetik ekainera luzatuko diren 12 euroko hileroko kuotetan ordaindu ahal izango da. Beronen bidez, emanaldiko sarrerak 4 euroko prezioa izango du.

Abantailen artean daude norberak aukeratutako eserleku finko bat izatea, zineklubak antolatutako saioetarako sarrera ziurtatuta izatea edota lehentasunez eskuratzea, denboraldi amaierako bilera-informatiboan parte hartzea, ongietorri oparia zein errenta-aitorpenean %20ko kenkaria izatea (mezenasgo dohaintza gisa). Gainera, saioren batera joaterik ez duenak, senide ala lagun bati utzi ahal izango dio txartela.

Txartela eskuratzeko, denboraldiko edozein unetan eman daiteke izena, beti ere, hilabete osoak kontuan hartuta, eta SEPA zuzeneko zordunketa helbideratzeko agindua zein eskera orria aurkeztu beharko dira.

Deskontudun txartela

Emanaldi guztietara joaten ez diren ohiko ikusleentzat, bestetik, deskontudun txartela sortu dute. Kasu honetan, denboraldiko 10 euro ordaindu beharko dira, eta sarrera bakoitzeko euro bateko deskontua aplikatuko dute, txartelean ageri den kodearen bidez. Horrez gain, zineklubak kolaboratutako saioetan lehentasuna izango dute sarrera lortzeko, bilera informatiboan parte hartzeko aukera izango dute, ongietorri oparia jasoko dute, eta %20ko kenkaria lortuko dute errenta-aitorpenean mezenasgo dohaintza gisa.

Txartelen inguruko zalantzak edukiz gero, maiatzaren 26an eta ekainaren 23an Zinema Corner-en terrazan egongo dira zineklubeko arduradunak berauek argitzen laguntzeko, 17:00etatik 19:00etara. Eta altan emateko dokumentazioa eramanez gero, bertan egingo dituzte txartelak. Horrez gain, info@kresalazinekluba.com helbide elektronikoaren ala 722 33 03 48 telefonoaren bidez jar daiteke haiekin harremanetan.

Berrikuntza gehiago

Orain bi urte antolatu zuten Euskal Zinekluben Topaketan parte hartu zuen Julio Lamaña Nazioarteko Zinkluben Federazioko idazkariaren bidez, nazioarteko elkarte honen berri izan zuten Kresalako arduradunek, eta haren gonbidapenari jarriki, bertan parte hartuko dute aurten Mexiko Hirian egingo duten Kulturen Iberoamerikako Hiriburutzan. Horrez gain, maiatzaren 28ko saioan Zauria(k) filma eskainiko dute, eta 2021-2022ko berrikuntza nagusietako bat izango den K Sariak sortzeko erabakia hartu dute. Garaikurren helburua zinekluben arteko sarea indartzea da, eta horretarako, Gipuzkoako zineklubetako ordezkariek osatutako epaimahaia lurraldeko hainbat jaialditan film labur bat saritzeaz arduratuko da. Sarien inguruko informazioa datozen hiletan zabalduko dute.

Azkenik esan, 2022an 50. urteurrena beteko duela Kresalak, eta berau behar bezala ospatzeko saio bereziak eta ezustekoren bat ala beste prestatzen ari direla. Oraindik datu gutxi aurreratu badituzte ere, datorren ekainaren 2an Donostia Kulturak antolatutako Nosferatu zikloan Luis Buñuelen Ensayo de un crimen filma aurkezteaz arduratuko direla jakinarazi dute, film huraxe izan baitzen 1972ko urriaren 19ko Kresala Zineklubaren lehen emanaldian bistaratu zen lana.