Andoni Aldekoa EiTBren zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko Kontrol Batzordean iragarri duenez, euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak zein EiTBren ikus-entzunezko ekoizpena eskuragai jarriko dituen plataforma digital handi bat garatzen ari dira. 2022an kaleratzeko asmoa duten “Euskal Netflix” delakoa nazioarteko bokaziodun apustu estrategiko eta berritzaile gisa aurkeztu dute.
“Ikus-entzunezkoen euskal ekoizpen handia, gure kultura eta gure hizkuntza dira gure estrategiaren funtsezko arrazoia”, adierazi zuen atzo, maiatzak 19, Aldekoak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Egungo ikus-entzunezko kontsumoan plataforma digitalek duten erreferentziazko paperaren aurrean euskararen presentzia urria ikusita, gure hizkuntzan ekoitzitako kalitatezko edukiak eskuragarriago jartzeko beharra ikusi dute, eta plataforma euskarazko edukietara mugatuko ez den arren, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko urrats garrantzitsua dela uste dute.
Hala, 2022rako martxan izango den plataforma digital erraldoia iragarri dute. EiTBren ikus-entzunezko edukiez gain, euskal filmak, telesailak, dokumentalak ikuskizunak eta kontzertuak ere eskainiko ditu, eta proiektu irekia izango da, besteekin partekatzeko borondatea izango duena.
Begirada estrategiko berri honetan, nazioarteko inguruneak duen garrantzian ere jarri dute arreta: “EITBk modu aktiboan parte hartu behar du Europako gainerako hedabide publikoekin, guztien artean Europako balioak eta kultura zein demokrazia defendatzeko, eta indartsuago egingo gaituzten aliantzak bilatzeko”. Hala, Europa Creativa Media programarekin harremanetan jarri dira, EITBren eta ikus-entzunezkoen euskal sektorearen ateak ireki, eta Europako beste herrialde batzuekin eta beste komunikazio-talde batzuekin lankidetzan aritzeko.
Lan ildo berriak
Plataforma digitalaz gain, EiTB osorako formatu berriekin esperimentatzeko laborategia ere jarri dute martxan Donostiako Miramongo eraikinean, EITBLab izenekoa. Gainera, EITBren Nafarroako egoitza handitu eta digitalizatzeko lanetan ari dira, eta Gardentasun Plan berria ere jarri dute martxan, hiru ardatzetan oinarrituta: gardentasuna euskal gizartearekiko, gardentasuna EITBren Administrazio Kontseiluarekiko eta gardentasuna profesional guztiekiko.