EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin, ikusle berriak zinema aretoetara erakartzeko helburua duen Zinemazale Berriak programa jarri dute abian. Maiatzaren 23an hasiko da, eta urtea amaitu bitarte, Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez euskaratu dituzten haur eta gazteentzako hamabi film emango dituzte EAEko hemezortzi aretotan.
2020a urte gogorra izan zen baita zinema aretoentzat ere. 2019arekin alderatuta, 10 milioi euroko galerak izan zituzten, eta ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen. Egoerari itzulia emateko asmoz, EZAE elkarteak Zinemazale Berriak izeneko programa jarri du abian elkarteko zein bertatik kanpoko hemezortzi zinema aretorekin elkarlanean, eta urte osora luzatuko den emanaldi sorta atondu dute.
Ekimenaren helburua ikusle berriak zinema aretoetara erakartzea da, hala nola, haur eta gazteak, eta horretarako, Zineuskadi Elkartearekin elkarlanean, haien Zinema Euskaraz programaren bidez euskaratutako dozena bat proposamen bigarrenez estreinatuko dituzte zinema aretoetan datozen hiletan, udako oporraldiaren aurretik eta ostean. Emanaldiok asteburuetan egingo dituzte, goizetan, eta prezioa 2,9 eurokoa izango da. Kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea ere badira programaren helburuak, aretoak leku seguruak direla eta osasun-eskakizun guztiak betetzen dituztela komunikatzearekin batera.
Gipuzkoan bederatzi dira ekimenarekin bat egin dute aretoak, hala nola, Donostiako Principe eta Antiguo Berri, Andoaingo Bastero, Lazkaoko Areria, Errenteriako Niessen, Zarauzko Modelo, eta Zumarraga eta Beasaingo zinemak; Bizkaian, ostera, zazpi: Bilboko Multicines eta Golem Alhondiga, Getxoko zinema, Durangoko Zugaza, Bermeoko Nestor Basterretzea, Mungiako Olalde eta Muskizko Meatzari zinemak; eta Araban, azkenik, Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoak.
Filmei dagokienez, azkenik, ondorengoa da (printzipioz) filmen estreinaldien egutegia:
- Maiatzaren 23an, Maya Erlea-Ezti Jokoak (Noel Cleary, Alexs Stadermann, Sergio Delfino)
- Maiatzaren 30ean, Paddintong 2 (Paul King)
- Ekainaren 6an, Asterix, edabe magikoaren sekretua (Alexandre Astier eta Louis Clichy)
- Ekainaren 13an, Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi)
- Ekainaren 20an, Ballerina (Eric Summer eta Eric Warin)
- Urriaren 3an, Oin handiren semea (Jeremy Degruson eta Ben Stassen)
- Urriaren 10ean, Printze Txikia (Mark Osborne)
- Urriaren 17an, Link (Chris Butler)
- Urriaren 24an, Pokemon – Pikachu detektibea (Rob Letterman)
- Urriaren 31n, Tom eta Jerry (Tim Story)
- Azaroaren 7an, Elfkinak (Die Heinzels eta Rückkehr der Heinzelmännchen)
- Azaroaren 14an, Smallfoot (Karey Kirkpatrick)