Zuzendaria: Fernando Trueba
Urtea: 2020
Herrialdea: Kolonbia

-Oroimenaren besarkada estua-

Film Iberoamerikar Onenaren Goya saria, Zinemaldiko zigilua, Fernando Truebaren sinadura eta Javier Cámararen karisma. Aste honetan, zergatik ez dastatu El olvido que seremos (2020)? Hautua eginda, humanismo gatzgabe dosi altua jasotzeko prest abiatu naiz aretora; non, egiari zor, azkenaldian ohikoa den baino ikusle gehiago elkartu garen.

Argiak itzaltzean, Gasteizko aretotik beste areto batera egin dugu bidaia, hain zuzen ere, Torino hirira. Hantxe, zuri-beltzean, zain geneukan Héctor Abad Faciolince bere familiari buruz eta, bereziki, aitari buruz mintzatzeko gogotsu. Hala bada, zuri-beltzezko hiri italiarretik, azkar hartu dugu lur Héctorren haurtzaroko Kolonbia koloretsuan, 70eko hamarkadako Medellinen. Izan ere, El olvido que seremos izenburu berdineko biografia nobelatuaren egokitzapena da, Héctor Abad Faciolincek bere aita Héctor Abad Gómez medikuaren oroimenari idatzitakoa; orain, David Truebak egindako moldaketaren eskutik eta Fernando Truebaren zuzendaritzapean, zinemara ekarritakoa.

Abad Gómez osasun publikoaren sustatzailea izan zen Kolonbian. Medikuntza irakasle konprometitua izanik, gizarte-desberdintasunen eta bidegabekerien kontra agertu zen, ikasgelako oholtza zein komunikabide nabarmenetan bere iritzia hedatuz. Hainbat ikasle eta irakasle militanteen desagerpen eta erailketak salatzera bultzatu zuen giza duintasunaren aldeko borrokak eta, azkenik, paramilitarrek hura ere tiroz hil zuten. Alabaina, El olvido que seremos, ez da heriotzaren inguruko kontakizuna, ezta ohiz kanpoko medikuari egindako laudorioa ere; baizik eta aita maitekorraren memoriari eskainitako erretratu samurra. Argiz, landarez, musikaz eta liburuz betetako haurtzaroko etxetik, Hector gazteak helduen mundua ulertzeko egiten duen saiakera.

Ohiko formula irauliz, iragana koloretsua eta argiz betea da zintan. Berde deigarriak eta urre-kolore epelak dira nagusi irudi aberats eta zinez ederretan, haurtzaroko paradisuaren dirdiraren ordezkari. Bestalde, “orainaldi” filmikoaren zuri-beltza ondo baino hobeto doitzen da Abad-Faciolince familiaren argi-ilunen aurkezpenera eta haien bizimodu oparoa kolpatuko duten gertaera dramatikoen testuingurura.

Filmak aurrera egin ahala, aldiz, eszenografiaren aberastasun eta ikusgarritasun horrek kutsu friboloa bereganatzen duela deritzot; dena da ederregia, perfektuegia. Ildo horretatik, protagonistek maiz hitz egiten dute gizarte-desberdintasunez, nahiz eta hura filmean zehar benetan erakutsi ez. Antzeko iruzkina egin daiteke gidoiari buruz: jantzia da, jantziegia, akaso. Hori da, nire ustez, filmak egiten duen akatsik handiena, hots, naturaltasuna ezabatzea bikaintasun formalaren bila. Biolentzia eta dolua ere gehiegizko dramatismoaren horniduraz estaltzen dira, tentsio uneak luzatuz eta ikuslearen gupida erregutuz.

Amaitzeko, Javier Cámareren ahoskera kolonbiarrak aipamen berezia merezi duela deritzot. Doinua prestatu duela ez dut ukatzen, noski; hala ere, nabaria eta deserosoa iruditu zait. Ez al zegoen antzezle kolonbiarrik papera onartzeko prest? Tira, kontuak kontu, zuzendariaren trebetasuna eta istorioaren mamia aintzat harturik, lan erakargarriagoa espero nuela aitortu beharra daukat. Hala ere, pasioa dario filmeko eszena bakoitzari; zentzu horretan, beraz, liburuarekiko fidela eta erakargarria da El olvido que seremos, semearen eta aitaren arteko maitasun baldintza gabekoaren aieru.

+2