Iragan Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Ia Sukhitashvili) Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren saria erdietsi zituen Dasatskisi/Beginning opera primaren egile Dea Kulumbegashvili Donostian izango da ekainaren 7ra arte, bigarren film luzea presatzeko egonaldi artistikoa egingo baitu Tabakaleran.

Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskolak, zinemaren alorreko eta ikus-entzunezkoen munduko talentu berriei laguntzeko garatu duten ildo estrategikoaren baitan, Kulumbegashvili gonbidatu dute Donostiara bere sorkuntza prozesuan laguntza integrala eskaintzeko. Izan ere, amaitutako filmak Donostia Zinemaldian jasotzetik harago, sorkuntza prozesuak bultzatzeko asmoa dute erakundeok, garapenerako espazioa, denbora eta baliabide profesionalak egileen eskura jarriz.

Hala, iragan Donostia Zinemaldian film onenaren Urrezko Maskorra eta zuzendari eta gidoi onenaren Zilarrezko Maskorrak bere egin zituen Kulumbegashvili zinemagilea ekainaren 7ra arte egongo da Donostian, Tabakaleraren azpiegituretan, bere hurrengo proiektua garatzen. Gainera, herritarrei irekitako jarduera-programa batekin osatuko du egonaldia, eta bi jarduera publikotan hartuko du parte:

  • Maiatzaren 31n, astelehena, Dasatskisi/Beginning laudatua proiektatuko dute 18:00etan Tabakalerako zinema aretoan, Zinemaldia + Plus fokuaren barruan, eta zinemagileak berak aurkeztuko du lana.
  • Ekainaren 1ean, asteartea, Kontatutako Zinemaldia saioa egingo dute 19:00etan Tabakalerako zinema areto nagusian, eta Kulumbegashvilik bere lanen (lehenaren zein eskuartean duen bigarrenaren) sortze prozesuaren inguruko azalpenak emango ditu.

 

Talentua sustatuz

Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak ikus-entzunezko sortzaile berriei zuzendutako hainbat egitasmo kudeatzen dituzte, hala nola, Ikusmira Berriak programa, Zinemaldiko New Directors saila eta Noka deialdia. Eraikinaren izaera bereziak sortzaileak prestatu eta garatzeko eskola, proposamenak bistaratzeko kultura garaikidearen zentroa, sorkuntza historikoa kontserbatzeko filmategia, eta film berrienen eta azpimarragarrienen nazioarteko topagune den zinemaldia biltzen ditu.

Egun, berebiziko garrantzia dute nazioarteko zinema jaialdi, deialdi zein sorkuntza zentroek eskainitako egonaldi eta bekek (Dasatskisi/Beginning filmaren idazketa Jerusalemgo Sam Spiegel International Film Lab, The Sofia Meetings eta Rotterdam Festival Hubert Bals Fund laborategietan osatu zuen Kulumbegashvilik, eta Cannesko zinema jaialdiko Cinéfondation programan egoiliarra izan zen), eta Tabakaleraren ahalegina azpimarratu dute bertako arduradunek.