Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak antolatutako CVCEPHOTO mendiko jardueraren nazioarteko argazki lehiaketaren bosgarren ediziora aurkeztutako lanen artean Jan Zahula txekiarraren The Edge of Guillotine irudia hautatu dute 2021eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko kartelerako. Lehiaketa bidez aukeratzen den bosgarren urtea da.
Elbako bailaran, Txekiar Errepublikako Bohemia eskualde suitzarrean, hareharrizko haitz eta mendi ikaragarriak daude. Jan Zahula argazkilari txekiarrak Jenny Fischer eskalatzaile estatubatuarraren irudi ikusgarria egin zuen bertan, Guilotina Vllb izeneko bidean gora zihoala. Eta irudia Club Vasco de Campingek antolatutako CVCPHOTO nazioarteko argazki lehiaketara aurkeztu zuen. Bada, garaile suertatu ez bazen ere, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia kartelerako hautatua izan da, eta 700 euroko ordainsaria jaso du.
Hala, abenduaren 3tik 12ra egingo duten 14. Mendi Film jaialdiaren irudi nagusi gisa ikusiko dugu datozen hiletan, karteleko eta ekimenari lotutako gainerako euskarrietako protagonista moduan. Aurreko bost edizioetako irudiak ere lehiaketa beraren bidez aukeratu zituzten, hala nola, 2020ko Sandi Bertoncelj argazkilariaren Into the light, 2019ko Christian Pondellaren Top of Africa, 2018ko Rainer Eder argazkilariaren Learning to Fly eta 2017ko Christoph Jordaren The Lighthouse, zein baino zein ikusgarriagoak.
Aurtengo ediziora 58 herrialdetako 372 egileren 952 lan aurkeztu dituzte. Guztien artean Marcin Ciepielewski poloniarraren The X argazkia izan da garaile, Alex Buisse frantziarraren Moulin lanak jaso du bigarren saria, eta Alessandro Cantarelli italiarraren Lavaredo’s Gloria irudiak hirugarrena. Sari banaketa ekitaldia datorren maiatzaren 29an, larunbata, 18:00etan egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, eta publiko orokorrak parte hartu ahal izango du.