Eulalia Abaitua argazkigintzan aitzindari izandako bizkaitarraren inguruan ardaztutako Norberaren gela dokumentala osatu dute Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk. XIX-XX. mendeetan bizi izandako sortzailearen eta egungo hainbat euskal argazkilariren arteko elkarrizketa sortu nahi izan dute, biopic-etik aldenduz, eta ikus-entzunezkoa ekainean estreinatzea da asmoa.
Lehen emakumezko argazkilari euskalduna izan zen Abaitua. 1853an jaio zen Bilboko familia burges batean, eta bera gaztea zela, Liverpoolera joan ziren. Erresuma Batuan ezagutu zuen argazkilaritza, eliteen artean zabaldu zen pinturaren alternatiba, eta 1878an, Bilbora itzuli zenean, Pino jauregiaren sotoan jarri zuen bere argazki-laborategia. Orduak eman zituen kamerarekin hartutako irudiak aukeratzen, eta erreportari grafiko baten gisara, Bilboko eta Begoñako herritarren erretratu-galeria ikaragarria bildu zuen. Hiriko argazkiak, landa eremukoak, Nerbioi itsasadarraren ertzetan hartutako garbitzaile, bainulari, sardineroen irudiak… baita etxeko intimitatean hartutako argazki ederrak ere.
Bada, Visibles (2018), Cosiendo Futuros (2019) eta Margolan bat oparitzen didazu? (2020) lanen egile Ainhoa Urgoitak eta Enrique Reyk, argazkigintzaren historiako emakumeei buruzko informazioa biltzen ari zirela, Abaituaren historiarekin egin zuten topo, eta ezagunak egin ez ziren eta historiako liburuetan agertzen ez diren garaiko emakumeen perfila betetzen zuela ikusirik, haren inguruko dokumentala prestatzea erabaki zuten.
Norbere gela, baina, ez da Abaituaren inguruko biopic bat, sortzailearen eta egungo emakumezko argazkilarien arteko elkarrizketa baizik. Maite Jimenez Ochoa de Alda, Josu Zaldibar, Jokin Aspuru, Erika Barahona, Maied Urrutia, Elssie Ansareo, Jose Pablo Arriaga, Nagore Legarreta eta Aitziber Orkolaga argazkilarien parte-hartzea du proiektuak, eta Bitart New Media arduratu da ekoizpenaz. Ikus-entzunezkoa ekainean aurkezteko asmoa dute, eta informazio osagarria proiektuari buruzko webgunean jarri dute eskuragai.