Ohiko ziklo eta ataletatik kanpo, emanaldi bereziak atontzen ditu hilero Nafarroako Filmotekak, eta maiatzeko programazioari dagokionez, bi izango dira gai zehatzei lotuta ikusgai izango diren proposamenak. Gaur bertan, maiatzak 13, osteguna, César Fernández Ardavin zinemagileak 1965ean aurkeztu zuen Camino de Santiago eskainiko dute, Done Jakue Bidearen Nafarroako Lagunen Elkartearekin batera antolatutako jarduera zikloaren baitan.

Done Jakueren XXXII. Jardunaldien egitarauari hasiera emango diote gaur, maiatzak 13, Nafarroako Filmotekan egingo duten emanaldiarekin. Hain zuzen, Done Jakue Bideak zineman izandako irudikapena jasotzea izango du helburu saioak, eta haurrei zuzendutako aurkezpena egingo dute lehenik, Kamishibairen Lagunen bidez, izen bereko teknika baliatuta. Hala, Erronkaritik Vianara joango den familiaren ibilbidea jarraituko du ikuskizunak, paisaiari, arkitekturari, kulturari, historiari zein arteari lotutako ezaugarriak bistaratuz.

Ostean, Espainiako Filmotekak utzitako Camino de Santiago (César Ferández Ardavin, 1965) dokumentala proiektatuko dute, Fernando Cebriánek antzeztutako erromesaren ibilbidea erakutsiko duena. Eta jarraian, gaiarekin lotura duten bi labur: Joaquín Calderónen Caminante (2013) etaJosé R. Carraleroren Mil kilómetros (2015). Saioa 19:00etan hasiko da, eta bertan izateko sarrerak eskuratu beharko dira aurrez.

Museoen Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 20an, aldiz, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta Nafarroako Museoen Sarearekin elkarlanean, Vincent Van Gogh artistaren historiari buruzko oleoan egindako marrazkien fotogramekin osatutako Loving Vincent (Dorota Kobiela eta Hugh Welchman, 2017) ekoizpen ikusgarria emango dute. Mundu osoko hainbat artistak margotutako 65.000 fotograma baino gehiagoren bidez eta anaia Theorekin trukatzen zituen gutunen hariari jarriki, sortzailearen artelanetan barrena bidaia egingo du ikusleak.

Proiekzioa 19:30ean hasiko da, eta sarrerak eskuragai daude jada Nafarroako Filmotekaren atariaren bidez.

0