Joaquín Mazón Lacasa zinemagile espainiarraren La vida padre proiektu berria errodatzen ari dira egunotan Bilbon, Karra Elejalde protagonista duen komedia gastronomikoa. Maiatzaren 31ra arte ibiliko dira Bizkaiko hiriburuko txoko ezberdinetan, eta jarraian Madrilera joango dira, beste hiru astez filmaketekin jarraitzera. Aktore taldean dira, hala nola, Lander Otaola, Yanet Sierra, Gorka Aguinaglade eta Maribel Salas euskaldunak.

Astelehenean, maiatzak 10, abiatu zituzten La vida padre ekoizpenaren errodaje lanak Guggenheim Museoaren eta Zubi Zuri zubiaren arteko gunean, Bilboko itsasadarra atzealdean zutela. Con el culo al aire (2012), Allí abajo (2015) eta Cuerpo de élite (2018) telesailak gidatutako Joaquín Mazón sortzaileak zuzentzen duen bigarren film luzea da, telebistarako egokitzapenaren oinarrizko Cuerpo de élite komediaren ostean. Oraingoan, baina, Bizkaiko hiriburuan girotutako komedia gastronomikoa du jomugan, hiriko hainbat jatetxetan, Erriberako Merkatuan eta Alde Zaharreko kaleetan, besteak beste, girotua.

Enric Auquer aktore katalan gazteak Mikelen papera antzeztuko du, aspaldi desagertutako aitaren (Karra Elejalde) bisita jasoko duen anbizio handiko txefa. Oroimena galtzen ari den sukalderi berezia gorpuztuko du Elejaldek, eta aktore taldean dira Megan Montaner, Lander Otaola, Yanet Sierra, Gorka Aguinagalde eta Maribel Salas aktoreak ere. Modproducciones eta Kowalski Films ekoiztetxeen proiektuak 3,2 milioi euroko aurrekontua du, eta sei astez luzatuko dira errodaje lanak: lehen hirurak Bilbon, eta gainerakoak Madrilen.

500 figurante

Apirila amaieran filmean figurante moduan parte hartzeko 500 lagun topatzeko deialdia egin zuten ekoizpen taldeko arduradunek. 16-70 urte arteko gizon eta emakumeak galdatu zituzten, eszena ezberdinetan parte hartzeko, hala nola, jatetxeetako bezeroen paperak, zerbitzarienak, merkatuko erosleenak, bulegoko langileenak… egiteko. Bilbo eta inguruetako herritarrak hobetsi zituzten, pandemia tarteko, mugikortasun arazoak saihesteko, eta astelehenean hasi ziren lanean.

+1