Gaur, maiatzak 13, Luis García Berlanga zinemagilearen jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez, valentziarraren El verdugo (1964) laudatua proiektatuko dute Errenteriako Ozzinema Zineklubean. Saioa 19:00etan hasiko da Niessen zinemetan, eta sarrerak eskuragai daude bertan.

2021a aldarrikapen urtea izaten ari da maila guztietan, baita alor zinematografikoan ere, eta efemeride bat nabarmentzen da guztien gainetik: Luis García Berlanga zuzendari espainiarraren jaiotzaren mendeurrena. Estatu mailan, errealizadorearen memoria ospatzeko ekitaldi ugari egingo dira, eta Ozzinemak bere maisulan handiaren proiekzioarekin bat egingo du”, adierazi du Errenteriakok zineklubak gaurko, maiatzak 13, saioa iragartzeko.

Hala, sortzailearen El verdugo maisulana izango da ikusgai 19.00etatik aurrera Niessen zinemetan. Filmeko protagonista Jose Luis da, ehorztetxe bateko langilea. Alemaniara emigratzeko asmoa du, mekanikari on bat izateko. Bere neskalaguna Amadeo borrero profesionalaren alaba da. Intimitatean harrapatzen dituenean, baina, ezkontzera behartuko ditu, eta baliabide ekonomikorik ez dutenez, erretiratzear den aitaginarrebak Jose Luis konbentzituko du bere lanpostua hartu dezan. Hala, etxebizitza bat izateko eskubidea izango du gazteak.

Berlangaren narrazio trebetasunak eta gidoi zorrotz bezain dibertigarriak, erregimen frankistaren muga zentsoreak hautsi zituen, eta Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuen filma, bertako FIPRESCI saria lortuta. Espainiako zinemaren historian mugarri izan diren lanen zerrendan sartu zen, garaiko gizartearen balioen salaketa egin baitzuen ikus-entzunezkoak, umorearen babespean. Eta Ozzinemak sortzailea bera eta haren hizkera bereizgarria omendu nahi izan ditu horrela.