Donostia Zinemaldiak iragarri ditu Zinemaldia + Plus fokuaren datozen saioetan proiektatuko dituen filmak: Michel Hazanavicius zuzendariaren Le redoutable (2017) eta Julien Faraut zinemagilearen Les sorcières de l’Orient (2021). Tabakalerako pantaila partekatuan emango dituzte lanok, maiatzaren 14an eta ekainaren 11n, hurrenez hurren.

2020az geroztik, Donostia Zinemaldiak apustu sendoa egiten du iraileko lehiaketaren bederatzi egunetatik harago joateko eta urte osoko jaialdi gisa taxutzeko. Zinemaldia 365 (Z365) izenarekin, hainbat jarduera biltzen dira, hala nola Ikusmira Berriak egonaldi-programa, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) parte hartzea, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektua eta Tabakalerako pantaila partekatuko programazioa.

Ildo horretan, Zinemaldiak bat egin du Tabakalerako zinema-aretoan programatzen duten hiriko beste erakunde batzuekin ere, eta, hilean behin, Zinemaldia + Plus fokuaren protagonista izaten da.  Bada, orain artean parte hartu duten egitasmoen artean nabarmentzekoak dira Ikusmira Berriak, Nest edo Zinemaldian bertan izan diren egileen aurreko lanak.

Maiatza eta ekainerako, aldiz, zinemagintzako bi pertsona ospetsu gonbidatu dira, eta film bana programatzeko askatasuna eman zaie. Hala, hilaren 14an (ostirala) Vincent Maraval izango da Donostian, eta Michel Hazanavicius zinemagilearen Le redoutable (2017) film luzea aurkeztuko du. Film hori Canneseko zinema jaialdian lehiatu zen 2017an, eta Godardek 1960ko hamarkadaren amaieran La Chinoise filma estreinatu ondoren izan zuen krisia kontatzen du.

Bestalde, Vanja Kaludjercicek telematikoki parte hartuko du ekainaren 11ko saioan, eta Julien Faraut zuzendariaren Les sorcières de l’Orient (2021) filma aurkeztuko du. Kaludjercicek aukeratutako dokumental horretan, 1964ko Olinpiar Jokoetan Urrezko Domina irabazi zuen japoniar emakumezkoen boleibol-taldea aurkezten da. Filmak kirolari ohien testigantzak biltzen ditu (gaur egun 70 urteko emakumeak), eta artxiboko irudiak nahasten ditu anime erako pasarteekin.

 

Zinemaldia 365 (Z365)

Zinemaldia + Pluseko saioek urte osoko jaialdi bihurtzearen ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Urrian martxan ipini zenetik, fokuak Zinemaldia 70 artxibo publikoko proiektuaren baitako film luze bat erakutsi du, baita emakumezko zinemagileek zuzendutako beste hainbat film labur ere.

Orobat, Maravalek eta Kaludjercicek aukeratutako filmek ederki erakusten dute Donostia Zinemaldia industria-erakundeekin eta beste zinema-jaialdi batzuekin lankidetzan aritzen dela.