Zuzendaria: Igor Legarreta
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria

Hasieran iluna zen,

1876an, Hirugarren Karlistaldiaren amaiera gertu dagoelarik, emakume misteriotsu batek salbatuko du umezurztegiko birrintzearen ondorioz larriki zauritua dagoen neskatoa. Umeak aurki deskubrituko duen moduan, ordea, aingeruen antza har zezakeen emakumeak itzaletara kateatutako bizitza oparitu egin dio, hilezkortasunaren kondena; gaueko ilunpetan, ilargi guztiak elkarrekin ikusteko promesa.

ondoren etorri ziren argiak

Basoko iluntasunean hamar urtez biziko da bakarrik neskatoa, eguneko argiak azala lehen aldiz berriro ukitu arte. Orduan burugogortasunez egingo die aurre eguzki izpiek eragindako min eta erredurei, gorputza argi izpiz blai egotea lortu arte. Ahalmen berriak zirikatutako jakin-minak bultzatuko du, gau euritsu batean, Kandidoren baserriraino. Gizon umil eta maitekorra da Kandido, neskatxa basatia alaba balitz bezala zaindu eta Amaia izena emango diona.

eta haiekin batera beldurra…

Beroa da herriak Amaiari emango dion ongi etorria eta zintzoa Kandidoren babesa. Alabaina, gero eta zailagoa izango da Amaiarentzat bere benetako natura iluna ezkutatzea, argiaren eta ilunpeen munduen artean harrapatuta egongo delarik. Izaki hilkorrei berezkoak zaizkien beldur eta grinak bizitzeko ezintasunaren aurrean, jasangaitza bilakatuko da Amaiarentzat iraganean jasotako kondena, hamar urteko umearen gorputzean betiko harrapatu zuena.

Ilargi guztiak (2021) Igor Legarretaren bigarren film luzea dugu, hilezkortasunaren gaia abiapuntutzat hartzen duen fantasiazko drama historikoa. Irudimen kolektiboan bizi diren leloetatik tiraka, banpiro eta gauekoen kondaira ekartzen du pantailara Legarretak; hala ere, fantasiazko elementuak askatasunaz eta beldur zeharo gizatiarrez mintzatzeko aitzakia baino ez dira bere kasuan. Izan ere, gertukoak zaizkigun Errementari (2017) edo Akelarre (2020) lanekin alderatuta, kondairaren lanketa psikologikoagoa bideratzen du Legarretarenak, naturaz haraindiko dohainek protagonista gaztearengan sortzen duten ezinegon tamalgarrian kokatzen baitu kontakizuna.

2020ko azaroaren hasieran aurkeztu zen lehen aldiz filma, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean. Era berean, maiatzaren 7tik 16ra ospatzen ari den FANT Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren 17. edizioa ireki zuen. Otsailaren 19an estreinatzekoa bazen ere, azkenik, maiatzaren 14an helduko da zinema aretoetara Kowalski Filmsek ekoitzitako filma; Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Zorion Eguileorrekin batera, Haizea Carneros gaztearen antzezlan zoragarria eskaintzen diguna.

Ekoizpen ikusgarria dugu Ilargi Guztiak, argiak eta iluntasunak traman zehar duten garrantzia irudietan ere bikain islatzen dira zintan zehar. Hala, hasierako sekuentzietan benetako mehatxua dirudi argi hotz urdinxka, argiak erretako irudiek iluntasun baketsua eskertzera bultzatzen gaituztenean. Gerora, aldiz, samurra eta beroa da Kandidoren etxea betetzen duen argia, baita baserriaren inguruko soroetan hedatzen dena ere.

Zinematografiak ez bezala, Igor Legarretak Jon Sagalárekin elkarlanean osatutako gidoiak badu puntu ahulen bat. Filmak misterio kutsua mantentzea balioesten du; hala ere, badaude azalpenik gabe ematen diren hainbat gertakari, kitzikagarriak izan ordez, argumentuaren indarra kolokan jartzen dutenak. Tramak aurrera egiteko beharrezkoak dirudite hainbat gertakarik, baina haien zentzua edo garrantzia ez da bat ere argitzen.

Estropezu horiez gain, erraz eta gogoz ikusten den filma da Ilargi guztiak, bitxikerietara jo gabe tentsio egoeran mantentzen zaituena, irudien indarrari eta protagonisten lan ederrari esker. Gainera, euskal zinemaren aniztasun eta sasoi ona berresten du Legarretaren obrak; istorio berria ez bada ere, aurretik inoiz ez ikusitakoa badena.

0