Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Donostia Zinemaldiarekin eta Tabakalerarekin elkarlanean, nazioarteko bokazioa duten zinema proiektuentzako aholkularitza saioen 8. edizioa antolatu dute, eta deialdian parte hartzeko epea zabalik da maiatzaren 20ra arte. Horrekin lotuta, doako masterclass irekia eskainiko dute ekainaren 15ean.

Garapen fasean zein aurre-ekoizpenean dauden film luzeen proiektuei zuzendutako ekimena da Koprodukzioak nazioartekotzeko bideak: Zure filmerako nazioarteko koprodukzioa nola bilatu aholkularitza saio pertsonalizatua. Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarrekin antolatu dute, eta hautatutako lanen ekoizleei proiektuak nazioartekotzeko, bazkideak bilatzeko eta nazioarteko finantzaketa-iturri berriak bilatzeko laguntza eskainiko diete, hala nola, feedbacka, ideiak, aholku praktikoak…

Ekimenaren 8. edizio honetako tutorea Marisa Fernández Armenteros izango da, Buena Pinta Media etxeko ekoizle eta sortzailea. Maite Alberdiren El Agente Topo (2020) laudatua ekoitzi du, eta aurretik Mediapro Studion aritu zen, Isabel Coixeten Map of the sounds of Tokyo (2009), Woody Allenen Vicky Cristina Barcelona (2008) eta Midnight in Paris (2011) eta Roman Polanskyren Un dios salvaje (2011) bezalako proiektuetan. Iaz, gainera Donsotia Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaikide izan zen.

Aholkularitza saio pertsonalizatuetan parte hartu nahi duten Euskadiko ekoiztetxeek maiatzaren 20ra arteko epea dute formularioa bete eta zehaztutako agiriak, hala nola, proiektuaren laburpena, tratamendua, gutxi gorabeherako aurrekontua, finantzaketa-plana eta talde tekniko eta artistikoen proposamena, info@europacreativaeuskadi.eu helbidera bidaltzeko. Jasotako egitasmoen artean, Fernández Armenteros berak sei aukeratuko ditu, eta proiektu horietako ordezkariek bi orduko saioak izango dituzte ekainaren 15, 16 ala 17an. Dena den, osasun krisiak baldintzatuta, baliteke saioa online egin behar izatea.

Masterclass irekia

Aholkularitza pertsonalizatuaz gain, finantza arloan eta sorkuntzari lotuta nazioartean koproduzitzeak dituen aukera eta abantailez, koprodukzio artistiko eta finantzarioen arteko aldeez, eta koprodukzioari lotutako prozesu eta denborez aritzeko, profesional orori zuzendutako doako masterclassa eskainiko dute ekainaren 15ean, 12:00etatik 14:00etara. Bertan izateko ezinbestekoa izango da maiatzaren 15a baino lehen izena ematea (behean formularioa).

Bi ekimenen inguruko informazio osagarria duzue jarraian.

0