*Irutxuloko Hitza aldizkarirako Ander Makazagak sortutako testua. Bertan publikatu zen lehen aldiz, 2021eko maiatzaren 7an.

Zinema giza eskubideez hausnartzeko tresna indartsua da, eta hala aldarrikatu du, aurten inoiz baino ozenago, hain zuzen ere Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak: adinez nagusi bilakatu da! Iaz behar zuten ospakizunetan murgildu, baina Covid19 birusak bertan behera uztera behartuta, urtebete beranduago berreskuratu dute hitzordua. Pandemia garaiko zinema festibaletan formatu hibridoa nagusitzen ari da, baina zailtasunak zailtasun, jaialdi donostiarreko antolatzaileak 2021eko ekitaldia modu presentzialean soilik egitearen alde azaldu dira, pelikulak pantaila handian bakarrik proiektatzearen alde, alegia.

Argiak itzali eta istorio zirraragarriak ezagutzeko beste balizko modurik ez da. Are gehiago, istorio horietako protagonistekin esperientzia bertatik bertara partekatzeak bestelako esentzia bat ematen die ekitaldiei, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak ongi daki hori. Enkontru asko eta oso interesgarriak izan ditugu 18. edizio honetan, eta Álbum de posguerra (Àngel Leiro eta Airy Maragall, 2020) zein Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallarès, Oier Aranzabal, 2020) filmen estreinaldiak izan dira, beharbada, denen artean berezienak.

David Beriain eta Roberto Fraile kazetari euskal herritarrak Burkina Fason erail zituzten egun berean proiektatu zuten Álbum de posguerra dokumentala, Gervasio Sánchez gerrako argazkilaria gidari duena. Hildakoen omenez Victoria Eugenia Antzokian egindako minutuko isiluneak biziki hunkitu zuen kazetari espainiarra, baina baita emanaldira bertaratutakoa hiritar guztiak ere. 1992 eta 1996 bitartean setiatuta egon zen Sarajevon Sanchezek ateratako erretratuetan agertzen diren haurrak izango ditu ekoizpenak protagonistak, Balkanetako gerra bukatu eta 25 urte igaro ostean.

Bestalde, Frankismo garaian Zamoran sortu zuten eta inoiz egon den abadeentzako espetxe bakarrera preso bidali zituzten 53 eliz-gizonen bizipenak berreskuratuko ditu Apaiz kartzela lanak. 1968tik 1976ra bitartean izan zituzten atxilo, eta handik atera zirela 50 urte pasa direnean bertara itzuliko dira horietatik lau, aurreneko aldiz. Antzoki Zaharrera hurbildutako apaizak txalo zaparrada amaigabean hartu zituzten ikus-entzuleek, ezezaguna zitzaien Euskal Herriko pasarte garrantzitsu bat berpizteko izan duten adorea goraipatuz.

Urtero-urtero errepikatzen diren gaiek presentzia nabarmena izan dute zinemaldian. Hala nola, Afrika iparraldetik Europara bizitza duin baten bila alde egin edota gerratik ihesi dabiltzan gizabanakoen migrazioak ezagutu ditugu Vidas menores (Alfredo Torrescalles, 2020) eta Aita Mari (Javi Julio, 2020) ekoizpenetan; adingabeek Interneten jasotzen dituzten abusuak salatu ditu Caught in the Net (Barbora Chalupová eta Vít Klusák, 2020) proiektuak; eta zahartzaroan zoriontsu izan gaitezkeela erakutsi digu Heddy Honigmannek 100 UP (2020) lanean.

Baina filmok, eta beste hainbeste, elkarrekin lehiatzen egon badira ere, gutxi asko inporta beharko luke Amnesty International erakundeak jaialdiko pelikula onena Welcome to Chechnya (David France, 2020) ekoizpena izendatu izana; film berberak ikusleen errekonozimendua jaso izana; edota gazte epaimahaiak Confinés dehors (Julien Goudichaud, 2020) film laburra saritu izana. 18. edizio honetako berririk pozgarriena da donostiarrek konpromisoz eta arduraz bete dutela eskatzen zitzaiena: zinema aretoetara joatea; emanaldien osteko solasaldietan parte hartze aktiboa izatea.

+4