Besaide Mendizale Elkartearen eskutik 9. edizioa beteko du gaur Arrasaten Mendi Tour zirkuituak. Zarautzen, aldiz, Pagoeta Mendizale Elkartekoen ekimenez, bosgarrenez ospatuko da ostegunean kirol eta abenturazko filmei eskainitako ziklo ibiltaria, maiatzaren 13, 20 eta 27an.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten filmen gosea aurreko urteetan baino kartsuagoa da bizi dugun pandemia garai honetan, eta horri konponbidea emateko ahaleginean ari da Mendi Tour ziklo ibiltaria.
Mendiko zinemagintza da abendu oro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Bada, Mendi Tour egitasmoaren bidez, Euskal Herriko zein Espainiar estatuko herrietan ere erakusten dituzte aurreko edizioko film nabarmenenak.
Arrasaten eta Zarautzen egingo ditu mostrak hurrengo geltokiak, eta film sorta txukuna atondu dute baterako zein besterako. Arrasateko Amaia Udal Antzokian egingo dute gaur, 18:30etik aurrera, lehengo hitzordua: Aterpean Ateri (2020), The Wurl (2020), L’Eescalade Libérée (2020) laburrak, eta Salto is the King (2020) film luzearen proiekzioarekin.
Zarautzen, aldiz, emanaldi hirukoitza prestatu dute, eta datozen hiru ostegunetan -maiatzak 13, 20 eta 27- egingo dituzte saioak Modelo Aretoan. Besteak beste, ikusgai izango dira: Out of the Blue (2020), Mendian Hil, Hirian Hil (2020), Aterpean Ateri (2020), Free As Can Be (2020), Everest – The Hard Way (2020) eta Hilary – Ocean to Sky (2020).
Bi emanaldietarako sarrerak online bidez edo leihatilan bertan eskuratu daitezke. Ikusi ekimenaren informazio zabalagoa, hemen.